GARA > Idatzia > Musika

Jazzaharrean xumeak berotuko du asteon Gasteizko alde zaharra

A.B. | BILBO

Ospe handia du Gasteizko jazz jaialdiak eta nazioarteko izar handiek jo ohi dute bertan. Bada baina, hiriko alde zaharrean jazza modu xumeagoan gozatzerik, iaz jaiotako Jazzaharrean ekimen interesgarriaren eskutik. Gora, Parral eta Kitsch tabernek hamabi kontzertu eta sei disko jartzaile saio jasoko dituzte hamabost egunetan zehar, herenegun hasi eta datorren ostiralean bukatuko den ekimenean.

Asteon, lau emanaldi. Gaur bertan, Bilbo inguruko Bemsha Sounds boskotea, «Room Full Of Swing» lana aurkezten Parralen eta Organic Trio, Jordi Matas gitarra jole bartzelonarrarekin Goran. Bihar, berriz, dj sesioak hiru tabernetan, Silum kolektiboarekin.

Asteartean, Kitschen, Shade laukote berri eta beroa, Sonia Vera ahotsean dela, eta Parralen, Slum Quartet, gasteiztarrez eta bartzelonarrez osatua. Asteazkenean, berriz, Elecktrik Voice Quintet Kitschen, estandarrak eginez eta Botxo Boogies bilbotar laukotea Goran.

Jazza Artiumen ere

Artium museoak ere jazza eskainiko du uztaileko lehen astebukaeran. Bihar, free session saioa Iñaki Salvador & Trioren eskutik eta, etzi, Karion bartzelonar hirukotea, zine proiekzioak lagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo