GARA > Idatzia > Musika

Live Earth jaialdi erraldoia, mundua hoztu nahian

Hemen datoz Al Gore eta lagunak, klima aldaketak dakartzan ondorio kaltegarri bortitzak direla eta, musika jaialdi erraldoien bidez munduaren tenperatura hoztu nahian. Larunbatean egingo dituzte kontzertuok bost kontinenteetan, nazioarteko 150 artistarekin.

Anartz BILBAO | BILBO

Klima aldaketak dakartzan arazoez kezkatuta omen datoz orain Al Gore Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariorde ohia eta Live Earth egitasmoaren ekoizle Kevin Wall, pobreziaren kontra antzeko ekimenak egin dituena.

Makina bat etxe komertzial babesle dituela, bost kontinenteetan zortzi kontzertu antolatu dituzte, mundu osoan ezagun diren 150 bat artistak 24 orduz musika eskaintzeko, kontzientzia ekologikoa garatu dezagun edo norbaitek poltsikoa berotu eta publizitatea egin dezan... Jaialdiak New Yorkeko Giants Stadiumean, Copacabanako hondartzan (Brasilekoa dugu doaneko ospakizun bakarra), Shanghaiko Oriental Pearl dorrean, Tokioko Makuhari Messen, Sidneyko Aussie Stadiumean, Hanburgoko Arenan eta Londresko Wembley Stadiumean (han sarrerak agortuta daude jada) egingo dituzte.

Herrialde bakoitzean hango artista entzutetsuek joko dute, nazioarteko izarrekin batera eta, musika anglosaxoiak gurean duen indarra erakusteko, New Yorkeko eta batez ere Londresko kontzertuak nabarmen ditzakegu, gurean ezagun diren taldeei dagokienez.

Batzuk aipatzeko, AEBetan Kanie West hip hop kantariaz, Bon Joviz eta The Police berrantolatuaz gozatuko dute. Brasilen, berriz, Xuxa umeen laguna eta Lenny Kravitz izango dira. Txinan, 12 Girls Band eta Huang Xiao Ming, «The Banquet» filmeko antzezlea. Japonian, Michael Nyman, «El Piano» filmeko soinu bandaren egilea eta Kumi Koda pop izarra. Australian, bertako Eskimo Joe eta Wolfmother rock taldeak. Hegoafrikan, Angélique Kidjo benindarra eta UB40. Hanburgon, Shakira eta Maná. Bukatzeko, Erresuma Batuan, Metallica, Madonna, Genesis, James Blunt, RHCP eta beste hainbat izar ekologiaz kezkatuta, antza.

07/07/07, SAN FERMIN

Hauxe da Al Goreren lagunek mundua musikaz salbatzeko aukeratutako eguna. Bost kontinente, zortzi jaialdi, 150 talde arrakastatsu eta 24 orduz musika, klima aldaketaren arriskuez ohartarazteko.

Fitxa

Lekua: New York, Sidney, Johannesburgo, Rio de Janeiro, Shanghai, Tokio, Hanburgo eta Londres.

Data: Larunbata, uztailaren 7a, San Fermin eguna.

Ordua: 24 orduz.

Sarrera: Londresen agortuta, Hanburgon 45/55 euro.

Info.: <www.liveearth.org>.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo