GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJ eta EA ziur daude Olano ahaldun nagusi izango dela

EAJko Joseba Egibarrek eta EAko Gipuzkoako presidente Iñaki Galdosek atzo sinatu zuten Gipuzkoako Diputazioa gobernatzeko hitzarmena. Bihar hautatuko dute herrialde horretako diputatu nagusia eta jada, EAJren eta EAaren babesarekin, 23 boz lortuko ditu Markel Olanok. «Lasai» dira bi alderdiak, ez baitute uste EBk PSEren alde egingo duenik.

GARA |

Bihar izanen da Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hautaketa baina EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) lehendakari Joseba Egibarrek eta EAko Gipuzkoako presidente Iñaki Galdosek ez dute arriskuan ikusten Markel Olano jeltzalearen arrakasta.

Haien aburuz, «politikan ere bada logika» eta, hortaz, ez dute uste Ezker Batuak PSEko diputatu nagusigai Miguel Buen hautatuko duenik.

Donostian egindako agerraldian Egibarrek eta Galdosek gobernu hitzarmena sinatu zuten, Gipuzkoako Diputazioa bien artean agintzeko asmoz. Alde horretatik, Markel Olano litzateke ahaldun nagusia eta EAk, ordea, ahaldun nagusiordearen kargua hartuko luke. Sailak, aldiz, sei EAJren esku geldituko lirateke eta gainerako lauak Galdosen alderdiarenak lirateke.

Joan den maiatzeko foru hauteskundeetan, EAE-ANVk lortutako bozak baliogabetuta, EAJk 16 eserleku lortu zituen eta EAk 7. Atzo sinatutako akordioarekin, 23 bozeko babesa lortuko du Olanok. Gehiengo osoa izateko, ordea, oraindik hiruren falta.

PSE izan zen hauteskundeetan boz gehien lortu zituen alderdia baina EAJk bezala, 16 eserleku erdietsi zituen; eta PPk 6, EB-Aralar koalizioak bezalaxe.

Kalkuluak egin ondoren, asteartean egindako agerraldian, PSEk lau sail eskani zizkion EBri; hala, PPren eta EBren babesarekin Miguel Buen ahaldun nagusi atera zedin. EAJ eta EA, ordea, «lasai» agertu ziren atzo, ez baitute uste EBk PSEren alde egitea, «amildegi programatiko itzela» izango litzatekeela argudiatuta. Gainera, PPk Bueni eskainitako sostengua, Arabako Diputazioaren truke eginen duela deritzo Galdosek eta, hortaz, EB «bertan sartuko ez da», adierazi zuen.

Azken egunetan Buenek egindako adierazpenak ere hizpide izan zituzten agerraldian. PSEk, EAJ «erakundeetatik at uzteko saiakera» egin duela uste du Egibarrek, eta «zilegi» deritzon arren, PSEren «asmo politikoa» zena «perspektiba galtzera eraman dion obsesio» bilakatu dela uste du GBB lehendakariak. Era berean, «lasaitasuna» eskatu zion Bueni, haren aburuz EBri egindako eskaintza «erresumin politikotik» eratorri baitzen.

Politikan aritzeko, ordea, «errespetu pritzipioa eta zuhurtzia» ezinbesteko jo zituen Egibarrek. Galdosek, aldiz, Buenen jarrera «gizalegez ulergarria» dela esan zuen.

Datorren legegintzaldian gainontzeko alderdi politikoekin «negoziazio iraunkorra» garatuko dutela adierazi zuten bi buruzagi gipuzkoarrek.

Ogasuna EArentzat

Horiek hala, aurkeztutako akordioa «emaitza politiko logikoa» dela deritze, azken urteetan bi alderdiek elkarrekin lan egin dutela argudiatuta. EAren esku gelditutako sailen artean Ogasuna dago, eta horren inguruan itaunduta, EAJko buruzagiak «inolako kargua patrimonio bilakatzeko asmorik ez duela» eman zuen aditzera.

zintzoa

Bi alderdien artean emandako negoziazio prozesua «zintzoa eta aberasgarria» izan dela eman zuten aditzera. Gainera, «baterakidetasun zabala» egon omen da.

bakea

Indarkeririk gabeko agertokia eskuratzea da EAJk eta EAk atzo aurkeztutako gobernu akordioaren erronka nagusiena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo