Xabier Silveira Bertsolaria
PM naiz
Gure hiria oso zikina da. Gazte nintzenean askok nahasten ninduten zikinkeriarekin. Askotan, edadeko gaztetxoek irri egiten zidaten, eta nik negar, baina banekien auzoko zikinkeria beraiek zirela, mendekua hartu, hartuko nuela. Orain beraiek drogazaleak, marikoiak, okupak, baskitoak... dira. Ni ez. Ni pertsona zibilizatua naiz. Oposaketak egin nituen bere egunean bai eta erraz gainditu ere.
Orain auzoan zehar pasiatzen dudanean denek errespetuz begiratzen naute; kaleko arropekin jantzita noanean ere bai. Ni ez bait naiz konforme geratzen beharra betetzearekin, nik nere lana maite dut.
Hasieran, ordena objetiboa betearaziz asetzen nuen nere grina baina denborarekin ordena subjetiboaren zale amorratua egin naiz. Hau da, hasiera hartan objetuak bere lekuan edo ez zegokien lekutik kanpo mantentzearekin aski izaten nuen. Esate baterako, haizeak publizitate afixa metaliko bat errepidera eroriarazi zuela, bada, hara nindoan ni, prii-prii, tú pa'kí, tú pa'llí; edo askotan bezala, tabernetako zarata gehiegi entzuten zela, bada, gu harantz, fiufiufiu, sirena hotsek ez dezatela behintzat musika soinurik entzuten utzi.
Edo, nola ez, nire garai hartako lanik gustokoena: auto bahiketa. Zein gustora egiten genuen lan! Lehenengo, mo- torrarekin bueltatxo bat ematera bidaltzen genuen kideren bat eta harek ematen zigun gidari despistaturen batek bere lekutik at utzitako autoaren abisua. Berehala, ahal genuenik eta azkarren, hara joaten ginen gu, grua hartu eta benga, gozatzera. Ordena objetiboa.
Baina denborak aldatu egiten dira eta pertsonak ere bai. Be- ti nahi dugu gehiago, neuk ere bai.
Edozein segurtasun enpresatako txotxolok guk baino errespetu gehiago ezartzen zuela ikusteaz nazkatuta, ordena subjetiboan sakontzea otu zitzaigun lankide batzuei. Eta itxura denez hiri guztietan txertatzen ari den tendentzia sortu genuen. Ardatza: Sujetuak bere lekuan jartzea. Orain bai uztartzen ditudala lana eta plazerra!
Kaletik igarotzen ikusten dudanak nere irudirako drogazale itxura badu, bereak egin du! Marikoi batekin gurutzatzen banaiz, aurpegian igertzen baitzaie, txsst txxst, pasaporte, ah, que eres español... Okupek ere motibatzen naute, egia esan behar badut, forman mantentzen laguntzen diet eta zorriak eta arkakusoak kentzen dizkiet gainera, ez dute zertan kexatu.
Baskitoekin topo egiten dudanean, buf, hori bai festa. Oraingoak ez dira lehengoak bezelakoak, dena esan behar da, oraingoek ez dute ezer egiten. Orain, leña al mono, guk ematen diogu. Orain, bakoitza bere lekuan jartzeko ordenak dauzkagu, eta lasai, utzi gure kargu. Gure hiria garbi mantentzeko eskura ditugun tresna guztiak erabiltzen ditugu; batez ere porrak.
Orain, auzoan zehar pasiatzen dudanean, denek erres- petuz begiratzen naute; kale- ko arropekin jantzita noanean ere bai. PM naiz. Polizia Munizipala.