GARA > Idatzia > Gutunak

Imanol Ugarte Garrido

Agur Mikel, bidean ikusi arte

Ez naiz idazlea eta ez nukeen nahi hau idatzi behar izatea ere, baina horrela gertatu da. Yemenen gertatutakoaren berri izan nuenean, nolabait, eguneroko berrien zakuan gorde nuen nire baitan. CNNk zioenez, espainiar turista talde batek atentatua izan zuela jakin nuen. Beranduago telefono dei baten bidez eman zidaten xehetasun gehiago; Banoa bidai agentziako talde bat zela oraingoan zama hau bere gain erori zitzaiona. Oraindik izenik entzun gabe lagunen irudiak zetozkidan burura eta, gero, konfirmatu zidaten Mikel Essery izan zela hilik suertatu zenetako bat. Ez dakit zorte kontua ote den horrelakoak gertatzea, ez dakit inork halakorik merezi duen ere, baina badakit ez dela kasua, Mikelek ez zuen horrelakorik merezi! Bizitza osoa eman du bidaiatzen, zenbat lagun ez ote dituen utzi munduko bazterretan. Galde diezaiotela mundu ero honetako zein bloketakoa den... bada, nik sumatzen dut, guda eta gorroto hauek guztiak sorrarazten dituztenen kontrakoa, horrelakoa da Mikel. Ziur uda honetan ere, urteroko bidai katalogoa egiterakoan, munduko herrialdeei errepaso eman ziela, halako lekutara ezingo dugu joan aurtengoan arazo honegatik eta haregatik, beste honetara ere ez dakit jendea animatuko den... urteroko kontuak. Baina egia da, urtez urte, gero eta gehiago bidaiatzen dugun arren leku gehiago daudela mehatxupean eta mundua mundua denetik gizakiak elkarren aurka jarduten badugu ere, azken hamarkadetan gero eta gehiago direla mehatxu horiek areagotu diren lekuak. Honen guztiaren gainetik dira Mikelen lagunak. Izan ere, badira 25 urte, lehen bidai «alternatibo» agentzia, beste kide batzuekin batera sortu zuenetik eta bere helburua beste jende bat, besteen bizimodua ezagutzea eta elkarbizitza izan da. Gogoan dut martxoaren 11 batean gure etxean zegoela nola zioen egun horretan bere urtebetetzea izan arren, ezin izango zuela ospatu gertatutakoak gertatu eta gero. Orain ez behintzat, uztailaren batak, tamalez, eraman zaitu gure aldetik beste zortzi lagunekin batera, baina ez zaitugu ahaztuko, maite zaitugu Mikel, agur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo