GARA > Idatzia > Euskal Herria

AEk-k beste turismo mota bat eskaintzen du udan: ongi pasatuz euskara ikasi

Udarekin batera, beroaz beste, oporraldia iristen da. Batzuek kanpora joateko parada izaten dute; beste askok, ordea, Euskal Herrian igarotzen dute oporraldia. Horien artean izan ohi dira udaro AEK-k eskaintzen dituen barnetegietan, ondo pasatuta, euskara ikasten aritzen direnak.

Gari MUJIKA

Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, AEK-k, turismo bulego ohikoek ez duten eskaintza du. Patentea berea dela esan daiteke. Gainera, oporrak bestelako modu batean igarotzeko aukera ematen badu ere, bi ezaugarri garrantzitsu ditu eskaintzak: lehenengoa, eta garrantzitsuena, euskaraz ikasteko antolatua dagoela; eta bigarrena, kualitatiboki ere garrantzi berekoa, Euskal Herria ezagutzeko parada ematen duela.

Euskararen aldeko oihua orain dela hilabete gutxi igaro zen euskal udalerri guztietan barrena Korrika 15ean. Haren ondotik datoz orain, alde horretatik, AEKren udako ikastaroak eta barnetegiak. Hala, «Uda heldu da, heldu euskarari, heldu AEKri» lelopean ekin dio AEK-k aurtengo udako kanpainari. Korrika-k, euskari «heltzeko» mezua plazaratu zuen Euskal Herrian barna, eta, orain, horretarako erraztasunak eman nahi dizkie bide hori hasi edo segitu nahi duten herritarrei.

Euskararen bidean murgildu nahi izanez gero, AEK-k aukera ugari eskaintzen du, bai urte osoaren buruan baita udako garaiotan ere. Hala, etxe ingurutik gehiegi aldendu nahi ez duenarentzat, AEK-k Euskal Herrian barreiaturik dituen 100 euskaltegiak zabalik izango dira hilabeteotan ere. Udan, egunean bost orduko ikastaro trinkoak eskaintzen ditu; bai ikasturtean, AEK-ko ikasle gisa ikasitakoa finkatu nahi duenarentzat, bai euskaraz ikasten hastapenetik hasi nahi duenarentzat, baita EGAko azterketa prestatu nahi duenarentzat ere.

Baina udara oporraldien aroa dela kontuan hartuta, eta aukera hori baliatuta, barnetegien eta ikastaroen eskaintza jakinarazi du AEK-k. Horietan parte hartzeko prest izanez gero, gainera, orotariko aukerak aurki daitezke; esaterako, sendi guztiarekin joatekoak edota zubereraz hitz egiten ikasteko aukera ematen dutenak.

Eta Euskal Herriko txokoak bizikleta gainean ezagutu nahi izanez gero? Bada, nahiz eta AEK erakundea ez den arduratzen mendiko txangoez edo antzeko ekimenez, udako garaiotan bi asteren buruan euskaraz bizikleta gainean ikasteko aukera ere eskaintzen du. Horretarako, lehenik eta behin, bizikleta bat behar da, eta gogoaz gainera, esperientzia apur bat kilometro ugari pedalei ematen igarotzeko.

Euskaltegietan ematen dituzten bost orduko ikastaro trinkoez gain, AEK-k udara honetan euskaraz mintzatzen ikasteko lau aukera ematen ditu: bi asteko barnetegiak, familientzako barnetegik, barnetegi ibiltaria bizikleta gainean, eta Ipar Euskal Herrian ematen duten ikastaro berezia.

Seme-alabek gurasoei lezioak ematen

Bi asteko barnetegiak herri euskaldunetan daude; Arantzan eta Foruan, hain zuzen ere. Uztailean, abuztuan edota irailean har daiteke parte horietan, baina AEK-ko lehenengo hiru urratsak gaindituta edukitzea da baldintza bakarra.

Familientzat zuzenduta dauden barnetegiak, aldiz, Adunan eta Berrizen izango dira uztailean eta abuztuan. Barnetegi horien helburua gurasoen eta seme-alaben arteko harremana euskaraz izan dadin laguntzea da; zio hori lortzeko, alde batetik, gurasoek eta, bestetik, seme-alabek euskaraz mintzatzen ikasten dute asteotan.

Hirugarren eskaintza, ordea, izerdi-patsetan pedalei eraginez bizikletan ibiltzea da. Aukera honetan ez dago eskola ordurik, baina 16 egun horietan euskara hutsean aritzea bermatzen du AEK-k. Laugarrena, ziur aski, xarma handiena duena izango da, eta, gainera, bi aukera ditu: Urepelen eta Mendikotan, Ipar Euskal Herrian, euskaraz ikastea. Horietara joateko ez dute baldintzarik ezartzen, eta Mendikotako aukeran, gainera, zubereraz ikasteko parada dago.

Aukerak eta erraztasun sobera ematen ditu AEK-k; orain, nahia eta borondatea dira beharrezkoak diren gauza bakarrak.

Bizikleta gainean ere, izerdi-patsetan, euskaraz ikas daiteke gehiegi sufritu gabe

Herritarrak euskalduntzea sustatzearren eta bermatzearren, orotariko formulak eta aukerak proposatzen ditu etengabe AEK-k. Hala, barnetegiak edota ikastaroak udako eskaintza nagusiak badira ere, bada bat baldintza zehatz bat eskatzen duena: bizikletan ibiltzea jakitea, eta, nolabait, gustukoa izatea.

Izan ere, euskaraz mintzatzen ikasteko eredu berria proposatu baitu: barnetegi ibiltaria. Mintzapraktika, kirola eta Euskal Herriko txokoak eta euskalkiak ezagutzea uztartzen ditu; ez dago eskola ordu zehatzik, baina bi astean euskaraz soilik aritzea bermatzen du Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak.

Horiek hala, udako ikastaroetan edo barnetegietan parte hartu nahi izanez gero, ondoko telefonora deitu behar da: 902.36.22.94. Edota, bestela, www.aeknet.net webgunean sartu. G.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo