Iruñea Txapelketak
Lau txapeldun aterako dira sanferminetako saioetatik
Etzi eguerdian hasiko dira herri kirol jaialdiak Iruñean, eta lehen egunean trontzalarien, eta aizkolarien Binakakoak izango dira erakargarrienak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urtero moduan, aurten ere ia astebeteko iraupena izango dute Iruñeko herri kirol jaialdiek. Etzi hasi eta hurrengo larunbata arte, 12.00etatik aurrera Iruñeko Foruen plazan egingo dituzte saioak.
Izan ere, lehen eguna bete-beteta etorriko da, bertan Lehen Mailako herrialdeko trontzalarien, eta Binakako aizkolarien txapelak erabakiko baitira. Horretaz gain, herrialdeko trontzalari gazteen, eta lasto-altxatzeko txapelak ere banatuko dituzte.
Lau final horietatik trontzalarien eta aizkolarien saioak izango dira zaleentzat erakargarrienak. Trontzan, bost bikote neurtuko dira nor baino nor eta honako hauek izango dira: Barberena anaiak, Aizkorbe-Cano, Bertiz-Urrutia, Pikabea-Morrondo eta Irigoien-Telletxea. Bikote bakoitzak 14 epai eman beharko dizkie kana-erdiko bati etzanda, eta tamaina bereko enbor bati, berriz, lau, zutik jarrita.
Lehia gogorra izango dute, eta aurreko urteetako saioei begira jarrita, Barberena anaiak eta Aizkorbe-Cano ateratzen dira txapela janzteko faborito. Trontzan, ordea, lehiaketa ofizialik baino ez da izaten, eta oso gutxitan lehiatu ahal izaten dira kirolariak. Beraz, aurretik iragarpenak egitea oso zaila izaten da. Hala ere, bi horiek dira faboritoak.
Beste alde batetik, Aizkoran, hiru bikote neurtuko dira herrialdeko txapela lortzeko asmoz. Aurten Miel Mindegia faltako da, Ezkurrakoa ez baita osatu joan den abenduan izan zuen lesiotik.
Honako lau hauek izango dira lehian: Nazabal-Senosiain, Larretxea-Barberena eta Lopez-Vcente neurtuko dira. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako moztu beharko ditu.
Badirudi faboritoak Nazabal eta Senosiain izango direla. Etxarriko aizkolaria sasoi betean dago, eta doan leku guztietan faboritoa da. Senosianek ere, txanda librean ongi egiten du lan, eta laguntzaile ona izango du. Hala ere, Larretxea eta Barberena ahaleginduko dira aurreikuspenak apurtzen. Lopez eta Vicente dira aukera gutxien dutenak.
Beste biak
Bi Txapelketa horietaz gain, badira beste bi final ere. Lastoa-altxatzekoa izango da bat. Bertan, X.Sein, Bereau, Telletxea eta C.Sein neurtuko dira. Kirolari bakoitzak 45 kiloko lasto fardoa altxatu beharko dute zazpi metrora, eta bi minututan ahalik eta jasoaldirik gehien ematen duen kirolariak jantziko du txapela. Azkenik, kadete mailako trontzalarien finala ere jokatuko dute.
Beste alde batetik, astelehenerako, Nafarroako Harri-Jasotze Txapelketa izango da eta, batzuen ustez, iragartzen den lehiaketarik erakargarriena da.
Etzi eguerdian hasiko dira jaialdiak Iruñeko Foruen plazan, eta egunero izango dira lehiaketak hurrengo larunbata arto. Bertan, herrialdeko txapel ugari erabakita geratuko dira.
Nafarroako hiriburura joango direnek ez dituzte lehiaketak bakarrik ikusi ahal izango, erakustaldiak ere ugari izango baitira. Egun egiten diren kirol gehienak ikusteko aukera izango da.