GARA > Idatzia > Kultura

Irribarrearen atzean...

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Antzerkia: Nire taulen gainean jolasean aritutako lagun bat hil egin da. Dantza: Sentitzen dut. Feria: Baita neuk ere. Baina zuen festa handia dator hilaren 10ean. Donostiako XXIII. Feria. Eta pozik egon beharko zenukete.

Antzerkia: Nola egongo gara pozik, heriotza hain gertu badago? Bizitzak egun batetik bestera eskuetatik alde egiten badigu?

Feria: Irribarre baten atzean, benetako tragedia bat ezkutatzen delako beti. Heriotzak eraman duen emakume honek bere azken momentura arte erakutsi digun bezala.

Antzerkia: Eta zer da irribarrearen atzean, ikusterik izango duguna?

Dantza: Asier Zabaletaren estreinaldi bat, «El agujero del avestruz» izenekoa. Blanka Arrietaren «Rest», Matxalen Bilbaoren «Haiku 4» eta Biarritzeko Baletaren «Gari Beltza». Besteak beste...

Feria: Eta antzerkiari dagokionez... Traspasosen «Demasiado humano», Kanpingagsen «Lapurren kobazuloa» eta...

Dantza: Horixe zarete zuek...Dantzari lekua lapurtzen diozuen lapurrak!

Antzerkia: Et, et, et... Irribarrearen atzean bortizkeria ezkutatzen ari al zara?

Feria: Ikusleen gustuen arabera izaten da hori. Euskal Herrian dantzak baino publiko gehiago mugitzen du antzerkiak. Horixe da gure egungo errealitatea.

Antzerkia: Eta kalean ere, Donostiako alde zaharreko zokogune magikoetan, kale antzerkia ikusteko aukera izango dugu Arte eta bere musika bandarekin.

Feria: Eta antzokietan, Tanttakaren «Emakumeak izarapean», Vania produkzioen «Mandíbula afilada» eta...

Dantza: Eta haurrak? Horiei ere lapurtu egin behar al diezue?

Antzerkia: Ez. Haur eta heldutxoentzat ere, ikuskizun ugari izango dira. Hala nola, Vaivenen «Las inalámbricas», Agerre Teatroaren «Cabaret Infantil», eta Golden eta Kanpingagsen «Galipotx» ...

Feria: Eta Euskal Herritik kanpo datozen beste hainbat ikuskizun, musikari, ipuin kontalari...hots, antzerkiaren magia eskainiko dizkiguten milaka eta milaka artista ikusi ahal izango ditugu.

Antzerkia: Baina... Gure laguna?

Feria: Irribarrearen atzean maitasunez betetako agurrik beroena eman nahi diogu, Idoia Sagarzazu joan berri zaigun gure lagunari... Eta antzerkiaren magiak eta betikotasunak eraman gaitzala...

Dantza: Heriotza eta bizitza...

Antzerkia: Barrea eta negarra...

Feria: Bihotzeko zoko berean sartu eta irribarre atzean ezkutatuta dagoen tristurarekin, bizitza ospatzera. Ongi etorri!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo