GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako bost klinika pribatuak talde bakarrean bildu dira indartzeko asmoz

2012 urtean laurehun ohe izango dituen klinika bakarra sortzea da atzo Lapurdiko hiriburuko bost klinikek izenpetu zuten hitzarmenaren ondorioa. Capio enpresa izango da egituraren kudeatzailea eta jabea.

Ainize BUTRON | BAIONA

Bi urteko hausnarketen ondorioz, Baionako bost kliniken arteko elkartzea ofiziala egin zuten atzo hitzarmen baten izen- petzearen bidez. Paulmy kardiologia, Paulmy kirurgia, Lafargue, Lafourcade eta Saint-Etienne dira klinika horiek. «Bost klinika gara eta arlo bertsuetan ari gara lanean. Horrek hainbat arazo sortzen ditu, nagusiki konpetitibitatearen aldetik, eta gainera, sendagileei karreran aurreratzeko eskaintza murritza genuela-eta, zailtasunak ditugu medikuak atzemateko», argitu zuen Gaetan Le Correk, Lafourcade klinikako zuzendariak.

Osasunean koherentzia bat eskaini nahian, elkartze horren lehen fasean, gune bakoitzean espezializazioak sortuko dituzte. Hori egiteko urtebeteko epea eman dute, eta bost urte barru, lau egiturak klinika bakar batean biltzeko asmoa daukate. Betiere Baionan geratuko den klinika handi horrek zazpirehun bat langile bilduko ditu, eta ehun eta berrogei eta hamar bat sendagile. «Klinika horrek egungo klinika guztiak ordezkatuko ditu, eta laurehun bat ohe izango ditu», argitu zuen Philippe Durand Capio proiektuaren eramaile den enpresako buruak.

Capio enpresa jabe

Klinika berriaren kudeatzaile eta jabea Capio enpresa izango zela esan zuten Baionan bertan egindako agerraldian. Europa osoan, mota bereko ehun bat enpresetako jabe da Capio, eta Baionari dagokion proiektu horretarako 80 milioi euroko inbertsioa egin zutela jakinarazi zuen enpresako buruak.

«Gure xedea proiektu honen bidez ez da espezializazio berria irekitzea, baina bai gaur egun lantzen ditugun sailen artean koherentzia bat aurkitzea. Esate baterako, emakumeari loturiko polo nagusi bat sortzeko asmoa daukagu. Bertan, erditzeekin hasi, eta bularreko minbizia, edo kirurgia estetikoa landuko dira. Hau da, emakumeei loturiko espezializazio guztiak izango ditu», esan zuen Bruno Compagnon Sainte-Etienne klinikako zuzendariak.

Capiok kudeatuko duen klinika berri horretan, beraz, hemeretzi espezializazio izango dira. «Ez dugu sail berririk zabalduko. Gaur egun ditugun espezializaioetan eskaintza hobetu nahi dugu. Baina, hori egin ahal izateko ezinbestekoa zitzaigun indarrak batzea», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo