Justizia Kartak ekarriko duen «deslokalizazioa» salatzeko, 400 lagunek mobilizazioa egin dute
A.B. | BAIONA
Joan den astelehenetik abokatuak auzitegietan hasi dira greban Gobernu frantsesak bideratuko duen erreforma salatzeko helburuarekin; Justizia Karta, hain zuzen ere. Eta atzo, ekintzekin jarraitzeko asmoz, mobilizazio eguna egin zuten Baionan.
Baionako bertako, Paueko, Mont-de-Marsango eta Akizeko Justizia arloko hainbat lanbideren ordezkariak ziren mobilizatu zirenak. Justizia Kartak eragingo duen «deslokalizazioa» salatu zuten Lapurdi hiriburuko karriketan. Arratsaldeko bietan, Herriko Etxeko plazan protesta hasi zutela, bertan zeuden laurehun bat lagunek kaleak zeharkatu zituzten soineko beltzez jantzita eta, harrabotsa egiteko, danborrak eskuetan zituztela.
Herriko Etxetik abiatu bezain laster, Jauregi Zaharraren aitzinean, ekintza sinbolikoa egin zuten Baionako Auzitegiaren «enkantea» eszenifikatzeko asmoz.
Justizia Kartak auzitegien kokagunea erabakitzen du. Eta, abokatuen arabera, bideratzekotan den erreforman frantses Gobernuaren xedea egungo Baionako Auzitegia eta Paueko Dei Auzitegia desagerraraztea da. «200 kilometro egin beharko dituzue epaitzeko», nabarmendu zuten egindako ekintza sinbolikoan. Justiziaren aitzinean herritar guztien berdintasuna aldarrikatu zuten, beraz, berriz ere Baionan zeuden laurehun bat lagunek. Justizian erreforma bat egitearen beharra goraipatu bazuten ere, egungo Parisko Gobernuaren jarrera salatu zuten erabakiak «eztabaidarik gabe» hartu dituelako.
Enkantea irudikatzen zuten bitartean, Nicolas Sarkozy frantses lehendakariaren jarrera salatzen zuten. Karrikak zeharkatu bezain laster, Baionako Suprefeturara hurbildu ziren, eta bertan, ordezkaritza batek suprefetarekin elkartzeko aukera izan zuen François Fillonen Gobernuari aldarrikapenak helarazteko nahian. Justizia arloko langileekin batera, CGT eta LAB sindikatuak, O.I.P elkartea, Alderdi Sozialista edo UDF-Modemeko ordezkariak zeuden.
Astelehenean
Joan den astelehenean egindako biltzar nagusiaren bidez, abokatuek audientzien greba egitea erabaki zuten. Greba hori gaur bukatzekotan dira. Atzo jakinarazi zutenez, datorren astelehenean bigarren bilera bat eginen dute, mobilizazioen jarraipena erabakitzeko.