GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egiako Ametzagańan «hirigintza iruzurra» egiten ari direla salatu dute

Etxebizitzen garestitzeak kezkatuta, azterketa egiten hasi eta «iruzur» batekin egin du topo Donostiako Egia auzoko bizilagun talde batek. Eraikuntza enpresa batek 8.415.000 euroko irabazia izango du, bere esanetan, osasun etxea eta parketxo bat jartzeko lekua uztearen truke.

GARA | DONOSTIA

Egiako bizilagun talde batek Udalaren hirigintza iruzurra salatu du. Haren esanetan, auzoan «sekulako pelotazoa» dute. «Egiatar asko zur eta lur gaude Donostiako Udalak negozio izugarria egiteko aukera eman duelako eta haien burua `sozialistatzat' duten zinegotzi batzuek eta alkate batek osatutako Udal Gobernuak sustatu duelako negozio hori», esan dute kideek.

Azaldu dutenez, Egiako etxebizitzen prezioak izugarri garestitu direla eta Egiako gazteek alde egin behar dutela ikusita, hasi ziren taldean batzen. Hala, azterketa bat egiten hasi zirenean, Ametzagaña kalean eraikitzen ari diren etxebizitzetako eta garajeetako «iruzurra» atzeman zuten.

Bizilagunok ohar batean salatu dutenez, Amatzagaña kaleko lanetan atzeman dituzte irregulartasunak. Bertan, 89 garaje eta salmenta libreko 11 etxebizitza eraikitzen ari dira. «Lanak egiteko Udalak 482 milioi pezetako aurrekontua aurkeztu eta onartu du», azaldu zuten. Dirutza horri «moja frantziskotarrei orubea erosteko emandako 133 milioiak» gehitu behar zaizkio. «Hau da, orotara 615 milioiko inbertsioa», nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, ordea, diru sarrerak askoz handiagoak izango dira. «89 garajeetako bakoitza hamar milioitan (60.000 euro) eta 11 etxebizitzetako metro karratua milioi batean (6.000 euro) salduko dutela kalkulatuz gero, 2.000 milioiko (12.000.000 euro) dira guztira», zehaztu dute. «Beraz -jarraitu dute-, inbertsioaren eta diru sarreren arteko aldea 1.400 milioi pezetako (8.415.000) irabazia da». Aipatu etekinaren truke, Egiako bizilagunek ziurtatu dutenez, Construcciones Irurta enpresak eraikineko sotoa eta erdisotoa utziko ditu osasun etxe bat jartzeko, baita garajeetako estaldura ere, plaza publiko txiki bat egiteko. «Eskandalua begi-bistakoa da. Marbellakoaren moduko negozioa da», salatu dute auzokide horiek.

«Zergatik horrenbeste etekin?»

Euren esanetan, etxebizitza duina izateko herritar orok duen eskubidearekin ari dira jolasean halako jardunen bitartez. «Herritar gehienek ordaintzerik ez duten prezio ikaragarri altuetan eskainiko dituzte etxeak, eta kotxea aparkatzeko herritar askok duten arazoarekin ere badabiltza jolasean», adierazi dute Egiako bizilagunek. Eta taldeak zera galdetu du: «Zergatik horrenbesteko irabazia osasun etxea egiteko soto eta erdisoto baten eta parketxo bat egiteko garajearen teilatuaren truke?». Eta zera gaineratu: «Zergatik ez dituzte etxebizitza sozialak eta garaje publikoak egiten?».

Erantzukizunak argitze bidean, Egiako bizilagunek Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Sailari eta Arartekoari kontu ikuskatzea egin dezaten eskatu diete, «kanpotik egindako ikuskatze bat, publikoa». Era berean, Egiako beste talde batzuek egindako aldarrikapenekin bat egin dute: «Ez 100 milioiko etxebizitzei, bai osasun etxe duin bati!».

Kontu ikuskatzea

Bizilagunek Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Arartekoari erantzukizunak argitzeko kontu ikuskatze bat egiteko eskatu diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo