GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fermin Muguruza eta Berri Txarrak ekarriko ditu jaietan Gasteizko Txosna Batzordeak

Gasteizko jaietan herri eredu alternatiboa bultzatuko duen gunea aldarrikatzen jarraituko dute. Gunea irekitzea abuztuaren 3ra aurreratu, eta «azken urteetako programaziorik ikusgarriena» prestatu dute

Jokin BEREZIARTUA | GASTEIZ

Aurten 27 urte beteko dira Gasteizko herritar kolektiboek bertako eta kanpoko jendeari herri gune ireki baten eskaintza ahalbidetzen dietenetik. Ildo horri eusteko asmoa berretsi du txosnen batzordeak kartelaren eta programazioaren aurkezpenean.

Beste behin ere unibertsitateen gunea kokaleku izango da, eta ohiko 14 txosnez gain, iazko arrakasta ikusita, txosnen batzordeak karpa komunari bigarren urtez eustea erabaki du. Karpa gunearen berezko egitaraua hurrengo asteetan emango dute aditzera, zenbait ekitaldi zehazteke daude-eta.

Egutegiari begira, jaien datak desegokiak direnez, batzordeak txosnak irekitzea egun bat aurreratzeko erabakia hartu du, abuztuaren 3ra, alegia. Maider Goikoetxea batzordeko kideak adierazi duenez, 2002tik errepikatu ez den deliberazio hau hartu dute «asteburu osoa aprobetxatzeko».

Egitarau «ikusgarria»

Txosna Batzordearen programazioak guztira 7 egun iraungo ditu eta «udalak erdialdean eskaintzen duen ereduari» gune alternatiboa izateko antolatu dute abuztuaren 3tik 9ra.

Asier Sanz de Ugarte batzordeko partaideak esan duenez, «azken urteetako programaziorik ikusgarriena» prestatu dute eta hori posible egin ahal izateko inbertitutako lana eta esfortzua nabarmendu ditu.

Txosnak irekitze diren egunean Laia eta Berri Txarrak izango dira taula gainean. Lehenak, BBK Live Festival jaialdian hartu du parte, eta hardcorea eta rock gogorra eskainiko dute. Berri Txarrak, bestalde, Asia eta Europan barrena egindako bira arrakastatsuaren ostean Gasteizko txosnetan izango da.

Hurrengo egunean, hilak 4, Amaiur trikitixa taldeak dantzarako nahiak aseko ditu. Horretaz gain, Txosna Batzordeak Gasteizko musika taldeak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen eta, beraz, Kauta eta Neu Bat gasteiztarrek joko dute abuztuaren 5ean.

Astelehenerako rock-and-roll gaua prestatu du batzordeak. Estatu espainoletik Motorhead mitikoen telonero Amon Ra eta estatuan rock-and-rollaren erreferentzia Sex Museum ekarriko dituzte. Euskal Herritik, ordea, Señor No donostiarren Punk-rock doinuetaz gozatzeko aukera izango da.

Musika kartelaren aniztasunaren adierazle, abuztuaren 7an Galiziako La Matumba eta Betagarri, nazioartean Gasteizko talderik ezagunena, txosnetan izango dira. Asteazkenean, beste alde batetik, batzordeak antolatutako musika taldeen arteko lehiaketako irabazleak igoko dira oholtzora, Eorann eta Akatu, alegia.

Gasteizko jaien azken egunerako utzi du batzordeak kontzerturik indartsuena, Fermin Muguruzarena, alegia. Fermin Muguruza & The Afro-Basque Fire Brigade bandarekin, hain zuzen, Jamaikako proiektu mardularen aurkezpena egingo du abeslari eta musika ekoizle irundarrak.

«entxosnatu!»

Herri jaien alde, Gasteizko jaietan bertako eta kanpokoei unibertsitateen gunera joateko deia egin die Txosna Batzordeak. Horretarako gauerako egitarauaz gain, egunez ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

kontzertuak

Fermin Muguruza & The Afro-Basque Fire Brigade eta Berri Txarrak karteleko buru izan arren, hainbat kontzertu aipagarri izango da txosnetan, hala nola Betagarri, La Matumba eta Sex Museum

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo