Gogoz hartu dute jai eskaintza Mungiako azken txanpan
Jaietako bigarren zatian sartzen ari gara, eta eguraldiak laguntzen badu -zalantza dago Sukalki Egunerako-, ondo baino hobeto ibiliko dira mungiarrak jai giroan. Kirola eta musika izango dira nagusi gaur, eta bihar hainbat ekitaldi izango dute haur eta nagusiek ongi pasatzeko. Larunbataz gozatu ondoren gauean formal ibiltzen direnek saria izango dute Sukalki Egunean fresko egongo baitira, eta egun handiaz gozatu ahal izango dute.
GARA | MUNGIA
Bidezko merkatua antolatu dute gaurko Mungian. Egun osoan izango da Foruen Plazan, eta arratsaldean, magic karten lantegia egongo da Torrebillela parkean; horrekin batera, 17.00etan, umeentzako ur jokoak, kiroldegian.
Pilota finalak jokatuko dituzte pilotalekuan, 19.30ean; eta 20.00etan, berriz, Foruen Plazan, ``Giramondo'' umorezko antzezlana agertuko dute. Matxin plazan, saloiko dantzen erakusketa eta Orquesta Mentaren emanaldia antolatuta dago; txosnetan aldiz, 22.00etan, Savia, Laia eta Zai taldeek rock saioa egingo dute.
Bihar, larunbata, bidezko merkatuaz gain, puzgarriak eta txu- txu trena izango dira egun osoan. Botiolan jokatuko dute, 11.00etan, txakurren lan lehiaketa, eta ordu erdi geroago, Bizkaiko Biraren etapa hasiko da Matxin plazan.
Dena den, nagusi eta haurrei zuzenduta daude biharko ekitaldiak. Jota erakusketa ikusi ondoren, institutuan izango dute nagusiek bazkaria. Haurrak, aldiz, birziklatutako jokoekin arituko dira parkean, eta bazkaldu eta gero, «Luma gorri'' ikuskizuna, kale animazioa eta diskoteka izango dituzte. Gauean, Euskal Kanturik Onena saioa egingo dute Matxin plazan, eta txosnetan, Pog Mo Thon, Aminishock eta Siempre Maria izango dira.