Indar-ek Garazi-Baigorriko enpresarien bakartzea gainditzea lehenetsiko du
Enpresek kotizatu egiten dute eta horren truke dituzten eskubideak ez dituzte erabiltzen. Enpresaburuek erretiratzen direnean segidarik ez dute edo hedatzeko lur faltan daude. Behar horiei eta beste askori erantzuteko Indar egitura zabaldu dute Garazi eta Baigorriko eremuetara.
GARA |
Baigorriko eta Garaziko eskualdeetako enpresaburuen bakartzea gainditzea izango da Indar erakundearen lehentasunetako bat. Hori jakinarazi du Francis Carricart bertan arituko den teknikariak.
Enpresariak laguntzeko 1987an sortutako egitura da Indar. Amikuze, Oztibarre-Iholdi, Bardoze eta Bidaxune inguruko eremuetan jardun du geroztik. Orain, Garaziko eta Baigorriko eskualdeetara hedatu nahi du bere zeregina, eta horretarako teknikari bat kontratatu du.
Herri elkargoko lehendakari Alphonse Iriartek adierazi du aspalditik zutela sustatzaile ekonomiko bat ezartzeko asmoa: «Hemengo enpresariak laguntza premian daude, denok dakigunez, enpresa bat sortzea, egokitzea eta aurrera eramatea ez baita batere kontu erraza».
Gertuko zerbitzua
Zabaldu bi kantonamenduetako enpresaburuak biltzen dituen elkarteko lehendakari Philippe Etcheniquek iritzi bera du: «Gertuko zerbitzua behar dugu eta gure elkarteak bere eskuan dagoen guztia eginen du elkarlanean garapen ekonomikoa sustatzeko».
2004an lurralde horietako 600 bat enpresatan egindako azterketa batek argi utzi zituen hainbat arazo eta kezka. Horien artean, enpresen jardueraren segida ziurtatzeko zailtasunak agertzen ziren. Izan ere, ia heren batek transmisioari aurre egin beharko dio epe laburrean. Lanerako esku eta lokalen beharra, eta teknologia berrietara egokitzeko eta dokumentuak kudeatzeko dituzten zailtasunak ere agerian utzi zituen azterketak.
Enpresaburuek laguntza ukateko berengana jo dezaten nahi du Carricartek: «Enpresek kotizazioak ordaintzen dituzte eta horren truke hainbat eskubide dituzte, prestakuntzarako edo sostengurako, baina, askotan, ez dituzte erabiltzen. Gure zeregitekoa da horiek erabiltzen laguntzea».
Hautetsiekin eta erakundeekin ere lan egiteko asmoa du Indar-ek; besteren artean, Ofizio Ganberekin eta Merkataritza eta Industria Ganberarekin. Harremanak eta elkar ezagutza estutu nahi dituzte, enpresek dauzkaten arazoei ahalik eta hoberen erantzuteko.
Bi eskualdeetan industrialdeak edo ofizialeguneak martxan ezartzea izango da, zalantzarik gabe, zereginetako bat, lurraren prezio gero eta garestiagoak ez baitio dagoen premia gorriari aurre egiten laguntzen.
Baigorriko eta Garaziko eskualdean, Donapaleun dagoen moduko enpresen mintegi bat sor daitekeela uste du Indar-ek. Proiektua gauzatzeko, ordea, eskaerak oinarritua egon beharko luke.