GARA > Idatzia > Euskal Herria

Inoiz baino jende gehiagorekin eta indartsuago hasi dira sanferminak

Uztailaren 6a ostirala izaki, inoiz baino bisitari gehiago etorri ziren atzo Iruñera txupinazoa bertatik bertara bizitzeko. Goizean goiz hasi zen besta, baina une gorena, urtero bezala, 12.00etan izan zen. Yolanda Barcina alkatearen hitzek lehertu zuten besta, bai eta Udaletxe Plazan bildutakoen haserrea ere: haren kontrako txistu eta oihuak bertze urteetan baino indar handiagoarekin entzun ziren. Presoak eta euskal izaera ere nabarmendu zituzten plazan.

Jasone MITXELTORENA |

Eguerdiko hamabiak baino ordu pare bat lehenago hiri osoan zehar ikus zitezkeen iruindarrak, zuri-gorri jantzita, bestarako prestatzen edo jada horietan bete-betean sartuta. Goizean goiz hasi ziren gazte koadrilak eta familia osoak gosariak antolatzen, eta hortik gutira hagitz animatuta zebiltzan. Eguerdia hurbildu ahala, edozein aitzakia ona zen iskanbila sortu eta algara zabaltzeko; semaforoetan agertzen diren itxaron beharreko segundoak denen artean kantatzea aukera ona zen giroa sortzeko. Alde Zaharreko kaleak gori-gori zeuden: gosaltzeko mahaiak beteta kaleetan, gaztetxoak elkarri bustitzen eta zikintzen... Anitzek lortu zuten, adibidez, Sarasate pasealekura sartzeko foruzainek egiten zituzten miaketak saihestea.

12.00etarako guti falta zela, Udaletxe Plazaren inguruak jendez gainezka zeuden, eta iduri zuen bestazaleek ez zutela txupinazoa itxaroteko asmorik, bestan sartuak baitziren erabat. Plazan bertan, iaz bezala bozgorailuetatik musika jarri zuten han bildutakoen aldarrikapenak isilarazteko-edo... ia memento berean, ikurrinekin plazaren erdira iritsi ziren hainbat lagun.

Plazara sartzeko udaltzainek egiten zituzten kontrolak pasatu zituztenak ziren. Ustez zikingarriak diren gaiak desagerrarazteko asmoz egindako miaketetan, ikurrinekin sartzea debekatu zieten zenbaiti. Azken urteetan makiletan eramatea zen oztopoa, baina atzo ez zuen garrantzirik izan mingarriak ziren elementurik ez izateak; ikurrina bera da mingarria, iduri duenez. Horrek eta jendearen artean pasatzeak zekarren zailtasunen gainetik, minutu gutitan hainbat ikur ikus zitezkeen nahasmenaren erdian; ikurrinez gain, «Euskal Presoak Euskal Herrira» aldarrikapenak eta sei herrialdeetako ikurrak biltzen dituen armarriarekin osatutako oihal gorriak ere agertu ziren une horretan ikusle kopuru handiena izango zuen ekitaldian.

Komunikabideek zabaldutako irudiez gain, bertatik bertara lekuko izan nahi zutenak ehunka ziren. Plazaren inguruko etxeetako balkoiak beteak zeuden, eta batzuek teilatuetara jo behar izan zuten. Eguzki gogorrari desafio egin, eta hainbat etxetako teilatuetan jarri zen jendea, edari eta guzti, kolore zuri-gorriek osatutako mareak sortutako ikuskizuna ohorezko eserlekutik ikusteko.

Behean denetarik ikus zitekeen, urtero gertatu ohi den bezala. Xanpain botilak jendearen gainean husten, han bildutako guztiak busti-bustiak, kalimotxoa eta bertzelako gaiekin kolore guztietako markak arropetan, hainbat gazte batetik bertzera hegan... Hainbat iturrik jakinarazi zutenez, inoiz baino beteagoa zegoen plaza, eta oro har, hirira bertaratutakoen kopurua aitzineko urteetan baino handiagoa zen. Ematen duenez, sanferminak ortziralean hastea da hori hala izatearen arrazoi nagusia.

Txistu eta oihu artean agurra

Sanferminak ofizialki hasteko minutu guti falta zirela, Udaletxe Plazan bildutakoen txistuek iragarri zuten Yolanda Barcina alkatearen agerraldia: Mikrofonoarekin arazoak izan zituen, eta agurra egin aurreko unean halabeharrez utzitako isiltasunean, txistuak eta oihuak inoiz baino indartsuagoak eta ozenagoak izan ziren atzo. Botoa eman ziotenak ez ziren han barna ibiliko; aurrean zituen milaka lagunek, behintzat, euren gaitzespena adierazi zioten. Hala ere, bere ohiko agurra egin zuen, eta «¡Viva!» errepikatu zuen amaieran. Aipaturiko gaitzespena ez zuen sumatu, ordea; ekitaldiaren ondotik egindako balorazioan, «giro ezin hobea» eta «alaitasun leherketa» aipatu zituen, baina berak nabarmendutako «zirraragarria» adjektiboak hobeki azaltzen du han bizitakoa.

Aurtengoarekin bigarren aldiz bota du txupinazoa Barcinak. Azken 30 urteetan erantzukizun hori bi aldiz hartu duen alkate bakarra izan da. Udal talde bozkatuenari dagokio zeinek botako duen aukeratzea, baina alkateak hautatu du zeinek jaurti bere legealdiak iraun duen urteetan. Aurten bere taldeari zegokion, eta errespetatu egin du ohitura, baina UPN alderdian egin duten galdeketan bera aukeratuko zutela aurrez asma zitekeen. Azken hilabeteetan Iruñeko kaleetan ikusi diren «Agur Barcina!» eranskailuei erantzuna eman nahi izan diela pentsa daiteke.

goiz hasi zen besta

Eguerdira arte itxaron zuenik egongo bazen ere, anitzek goizean goiz hasi zuen besta. Koadrilek eta familiek gosariak antolatu zituzten, eta txupinazorako Iruñea bestan bete-betean sartuta zegoen.

Arazoak agurrean

Yolanda Barcinak bota zuen txupinazoa, bigarren aldiz, eta azken 30 urteetan hori egin duen bakarra da. Agurra egitean, arazoak izan ziren mikrofonoarekin, eta haren kontrako txistu eta oihuak egin zituzten orduan.

ikurrina plazan

Udaletxeko balkoian ezin denez, jendetzaren artean erakusten dute ikurrina. Plazan makilan lotuta sartzea debekatu zuten, baina atzo hura gabe eramanda ere, zenbait laguni kendu zioten. Plazan hainbat ikurrin ageri ziren, hala ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo