GARA > Idatzia > Txirrindularitza

«Argi dago azkenengo astea erabakigarria izango dela»

 

Patxi VILA
LAMPRE

Iaz bezala, aurten ere Giroa eta Tourra egingo ditu txirrindulari beratarrak. Italian euskaldun onena izan arren, zapore gazi-gozoarekin itzuli zen handik. Orain indartsu ikusten du bere burua eta taldean izango duen askatasunaz baliatu nahi du Tour ona egiteko.

Mikel ARREGI | BILBO

PPatxik tourrean izango dituen gorabeherak gertutik jarraitzeko www.patxivila.com webgunea zabaldu du txirrindulariak sarean.

Hilabete eta erdi pasa da Girotik, zein laburpen egingo zenuke?

Bi zati banatuko nituzke. Lehenengo zatia egongo litzateke alde batetik, Bergamoko etapa artekoa. Beharbada horixe izan zen ordu arte egin nuen Girorik onena. Gero, Bergamoko etapa hartan erori egin nintzen eta erorketa hark azkenengo astea baldintzatu zidan.

Arazoak arazo, euskaldun onena izan zinen sailkapen nagusian. Zure lana Euskal Herrian ongi baloratzen dela uste al duzu?

 Azkenengo bi urteetan uste dut zaleek gehiago baloratu dutela nik egindakoa. Aurten, adibidez, Girotik Euskal Bizikletara etortzerakoan jendea ni ikusteaz pozten zela sumatu nuen, eta hori dela eta, nire kirol bizitzan lehen aldiz, zaleengandik maitasuna jaso nuela uste dut.

Nola ikusten duzu zeure burua Tourrari begira?

Nahiko gustora nago. Joan den astean test bat egin nuen Jaizkibelen eta nahiko emaitza onak izan nituen. Egia esan, ondo sentitzen naiz, ez nago fisikoki gaizki. Hala ere, argi dago hirugarren astea erabakigarria izango dela eta bertara indarrekin heltzea zaila izango dela.

Aurten Lampre taldean Damiano Cunegoren hutsunea izango duzue. Horrek askatasuna emango dizue denei, ezta?

Bai, hala dela uste dut. Hain zuzen, Valjavecek, Bruseghinek eta nik sailkapen orokorra lehiatuko dugu eta Bennati, Ballan eta Napolitano ihesaldietan eta esprintetan egoten saiatuko dira. Cunegoren faltak taldeari askatasuna emateaz gain, Giroan izan genuen presioa ahazten ere lagunduko digu.

Zein helbururekin bidaiatzen du Patxi Vilak Londresera?

Lehenengo astean Bennati eta Napolitanori esprintetan laguntzea izango da nire helburua. Gero, sailkapen orokorrari begira, ez dut helburu finkorik jarri nahi. Izan ere, aurreko urteko Tourraren antzekoa egitea espero dut, ondo egotea eta aurreko txirrindulariengandik ahalik eta hurbilen izatea. Baina gauzak lasai hartuko ditut, eta gero ikusiko dugu zein postu lortzen dudan bukaeran.

Profesionaletan zazpi urte egin dituzu, azkenengo bostak Lampren. Hurrengo biak ere bertan egingo dituzu.

Lampren gustora nago. Euskaltelera ez joateko erabakia hartzea gogorra izan zen arren, erabaki hori egokia izatea espero dut. Haiek ni fitxatzeko egin zituzten azken mugimenduek zer pentsatua eman zidaten, eta, zalantzarik gabe, eskertzekoa da nigatik erakutsi duten interesa.

Beraz, etxean bezala sentitzen zara Lampren?

Bai. Nik argi nuen Lampretik mugitzekotan etxera baino ez nintzela etorriko eta beste eskaintza batzuk izan banituen ere, sekula ez nien kasu handiegirik egin horiei. Azken finean, zuk nahi duzun guztia eskutan daukazunean tontakeria da aldatzea.

Txirrindularitzaz gain beste gauza batzuetan ere murgilduta zabiltza, ezta?

Bai, «Pedalier» aldizkaria atera dugu orain dela gutxi. Txirrindularitza profesionalaren inguruan aldizkari desberdin bat kaleratzea da gure asmoa. Izan ere, ilusio handia daukat proiektu horretan.


 

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo