GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Galder Gonzalez eta Edurne Larrañaga Euskal Herriak Bere Eskolako kideak

Udako ikastaroak

Ikasturte osoan ez dugu gure herriaren beharren araberako goi mailako hezkuntza jasotzeko aukerarik eta udan egiten den eskaintza lepo beretik burua

Denbora librea erabiltzeko joera horregatik beharbada, jendeak zer egin ez da- kielako agian, edo ahalik eta titulu gehien dituen kromo bilduma egitearren ziurrenik ugariak dira udan batzuek eta besteek eskaintzen dituzten udako ikastaroak. Egun hauetan horietako askok hasiera izango dute, deluxezko gonbidatuekin, noski. Baina, salbuespen bakarrarekin, Euskal Herrian eskaintzen diren udako ikastaroek unibertsitateak dituen gabeziak areagotzeko baino ez dute balio. Unibertsitateak berak baino espaino- lagoak, publizitate gehiagorekin eta joera atzerakoiagoarekin.

Azter ditzagun datu batzuk. UPV da, dudarik gabe, eskaintza zabalena ematen duena, guztira 84 ikastaro. 84 ikastaro horietatik 76 gazteleraz dira, baina ez pentsa beste 8ak bederen euskaraz direnik, ez. Bi ingelesez dira eta sei baino ez dira euskaraz eskaintzen. 84tik 6, bai. Hori da UPVko agintarientzat euskararen normalkuntza. Baina harantzago joan gaitezke: ikastaro gehienen ardatza Estatu espainola da eta berezitasunak aipatzen direnean vascongadetako kasuak baino ez dira aipatzen. Inola ere ez Euskal Herria. Zientzia eta Teknologia izan daiteke, agian, gai unibertsalenak jorratzen dituena, baina komunikazioan, adibidez, telebistaren iragana, oraina eta geroaren inguruko ikastaroari «50+1» izen arraroa jartzen diote. Pentsatu ondoren erraza da ikusten TVEren 50. urteurrenaren inguruan ari dela (zergatik ez da ETB ardatza? Zergatik ez W3XK izeneko lehen telebista katea?). Erraz da ondorioztatzea, ikastaro gehienak ikusita (R zikloko bi ikastaroak kenduta), UPVk ez duela Euskal Herria izeneko errealitatea existitzen denik ere ikusten. Norbaitek esan dezake udako ikastaroak ez direla «politikarako» guneak... baina badira: hizlarien artean euskal gatazkaren alde bateko biktimen ordezkariak egongo dira eta pare bat ikastarok, gutxienez, fundazio banaren izena dute (bide batez ez al zen Buesa Fundazioa PPrekin bat ez zetorren ezer laguntzen ez zuena? Hemendik agertzen dira, bada!).

Baina hau ez da larria den gauza bakarra. Ikastaroen antolaketa ikusten badugu, eredu neoliberal hutsean kokaturik daudela antzeman daiteke. Hasteko, ez dira publikoak, Unibertsitate Publiko bati dagokion moduan. Ordaindu behar da, nahikoa gainera. Norbaitek esan dezake utopikoa dela EAEko biztanle guztiek ordaintzen duten unibertsitate batek jasotzen duen diru hori herritarren zerbitzura jartzea... guk ez dugu hala uste. Duten prezioa ikaragarria da: 36 euro eguneko. Ikastaro batzuek egun bat baino gehiago irauten dutenez, prezioa biderkatu behar da. Baina, gainera, ostatua behar izanez gero (azken finean hiru eguneko ikastarora doanak ezin du egunero Kontxan lo egin), berau ere ordaindu behar da, eta merkeena ohe bakarreko gelan, eguneroko garbiketarik gabe eta bi eguneko egonaldi minimoarekin 70,84 euro dira (gosaririk gabe). Gau bakarra geratu beharrez gero, 43 euro ordaindu beharko dira.

Labur ditzagun, beraz, gastuak. Bi eguneko ikastaro batera joatearren, gutxienez, 115 euro xahutu beharko ditugu... zorionez, bada beka bat baina matrikularen erdia baino ez du ordaintzen, inola ere ez ostatua edo dietak. Bekadun izanez gero eta Donostian ez bagara bizi, ez da gehiegi, bidaiaren prezioa ia-ia bekatzen dutenaren antzekoa baita. Bide batez... ikastaro guztiek ere ez dute bekarik eta asmatzen zaila den metodo batekin aurkezten dute zeintzuetan eska daitekeen eta zeintzuetan ez.

Eta UPVren kritikaren bukaerarako, harribitxi bat. Babeslerik handiena BBVA da... ez dugu ezer gehiago esango.

Baina jarrera hau orokorra denez, UPNAn ere antzeko egoera dugu. Hauek kutreagoak dira, eta 14 ikastaro baino ez dituzte eskaintzen, guztiak gazteleraz, nahiz eta webgunean sei direla agertu. Erreferentzia nagusia Estatu espainola da hemen ere, Nafarroaren inguruko hainbat aipamenekin. Ikastaroetako batean sasi- zientzia bat jorratzen dela goitik pasatuko dugu (horren inguruko artikulu eder bat idatzi zuen Javier Armentiak). UPNAn ere ez da Euskal Herriaren existentzia aipatzen, noski.

UPVn bezala ikastaroak garestiak dira, oso garesti Nafarroako biztanle guztiek ordaintzen duten unibertsitate bat izateko... baina, gainera, hemen ez dute beken inguruko informaziorik ematen eta hori babesle moduan banku baten ordez kutxa bat agertzen dela (suposatzen da ekintza soziala egiten dutela... hori esaten dute gutxienez «Llega la Revolucion» idatzita duten kartazaletan). UPVko kasuan ez bezala, babesle gehiago agertzen dira, enpresa pribatuen esku-sartze nabariarekin.

Ikusten denez, Hego Euskal Herriko bi unibertsitate publikoek Euskal Herriarekiko, euskararekiko eta herritarrekiko duten jarrera tamalgarria da. Espainiaren eta kapitalaren mesedetan lanean ari dira etengabe eta gainera inongo arazorik gabe.

Kitto!

Hasieran esaten genuen badela honen guztiaren aurrean salbuespen bat. UEUko ikastaroak dira. Guztira 34 ikastaro, guztiak euskaraz. Euskal Herria aintzat hartzeaz gain, geografian barna mugitzen dira eta Baiona, Eibar, Iruñea eta Lizarran dira ikastaroak. Gai askok, gainera, jendarte mugimendu ezberdinen kezkak jorratzen dituzte eta trebakuntza politiko eta kulturalerako izugarrizko aukera ematen dute. Baina, gainera, legedi espainol zein frantsesaren arabera publikoa ez den unibertsitate honek ikasle edo langabetu izanda ala UEUkide izanda, UPVk eta UPNAk baino prezio merkeagoan eskaintzen ditu. Hainbat lekutan bekak daude eskuragarri eta oso-osorik ordaindu ahal da matrikularen zein dieten kostua. Mugikortasuna errazteko «Autoan Elkarrekin» izeneko atala dute, bidaia merkeago ateratzeko... Oraindik ez da berandu matrikula egiteko, Iruñean eta Lizarran oraindik irekita baitaude epeak.

Ikasturte osoan ez dugu gure herriaren beharren araberako goi mailako hezkuntza jasotzeko aukerarik eta udan egiten den eskaintza lepo beretik burua. Euskal herritarron hezkuntza eskubideak egunero urratzen zaizkigu Euskal Herrian kokaturik dauden unibertsitate «publiko» ezberdinetan eta udako ikastaroak bide horretan sakontzeko erabiltzen dituzte. Euskal Herriaren biziraupenerako nahiz garapenerako beharrezkoak dira goi mailako ikasketek eskaintzen duten trebakuntza, baina Euskal Herria abiapuntu zein helburu izango duen unibertsitatea halabeharrezkoa zaigu bide horretan. Euskal Unibertsitatea, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo