«Euskal kulturaren arrautza ez dagoela geneetan, ezagupenetan baizik»
Ez dute euskal kulturaren gaineko errezetarik ematen, baina euskaldunek jasotzen ditugun ezagupenek berebiziko garrantzia dutela-eta, hausnarketa proposatzen dute, batez ere gaur, teknologia berriak mugagabeko aukerak zabaldu dituen honetan.
Maider EIZMENDI
Euskal kultura eta identitatea XXI. mendean»; horixe Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagokikoetako eskaintzen artean aurkitutako izenburu deigarria. Berehalakoan, baina, Euskokultur Fundazioko zuzendari Eugenio Arraizak pare bat kontu argitu ditu: «Hemen ez dugu errezeta kulturalik eskainiko, ezagupena landuko dugu». Bertatik bigarren zehaztasuna: «`Euskal kultura eta identitatea XXI. mendean' jarri diogu izenburu ikastaroari, baina agian `ezagupena eta identitatea' litzateke izenburu egokiena edo justuena, ezagupena bera ari baikara lantzen». Zer da, baina, «ezagupena» hitzarekin adierazi nahi duena? «Ezagupena bizitza kulturala da; hau da, bizitza prozesuan pertsonak bereganatzen dituen datuak eta informazioa da. Azken batean, bizitzaren sinonimo gisa erabil daiteke, kultura bizitza biologikoaren paraleloan doan beste ezagupen bidea da, biologikoki bizi gara eta kulturalki ere bai», zehaztu du Fundazioko kide Gaizka Arangurenek.
Bien esanetan, gainera, ezagupenok funtsezkoak dira, nork bere nortasuna eraikitzeko: «Norbera sortzen denetik bertatik jasotzen dituen datu guztiak bereganatu eta ordenatzen ditu burbuinean. Jasotzen dituen datuak zeintzuk diren baldintzatuta, bere nortasuna modu batekoa edo bestekoa izango da». «Gaiak, datuak antolatzen ditugun moduaren arabera, gure buruan herri baten kultura osatuko dugu», zehaztu dute atzetik. Nortasun horrek, halaber, ekimena bultzatuko du; ekimenaren bidez, berriz, nortasuna zehazten da. Azken batean, elkar elikatzen duten bi alorren arteko gurpil moduko prozesua litzateke.
Gakoa zera da, gaur egun euskaldun baten bizitza kulturala zein den zehaztea. «Orain bi mende-edo, gauzak argiago zeuden. Lehen garbi zegoen zer egin behar zen: bizimodua iraunarazi eta mantendu. Egun, eskas geratzen zaigu hori, ditugun aukerak mugagabeak baitira. Horrek zorabio bat dakar; ez daukagu aspaldiko garaietako nekazariek zituzten ziurtasunak. `Lehen Munduan' bizi garen pertsonak aukera dugu edonora bizitzera joateko, edonon lan egiteko...», adierazi du. Horiek hala, inoiz baino garrantzitsuago iruditzen zaio Euskal Herriari dagozkion ezagupenak zehaztea, kanpotik datorkigun guztia «itsu-itsuan» irentsi gabe. «Horregatik bereizi behar dira eusko kultura eta euskal kultura: lehenak, Euskal Herrian ditugun baliabide eta balioak dira; eta bigarrenak, lehenak batzen ditu. betiere Euskal Herria ardatz hartuta landutakoak». Zera gehitu dute: «Eusko lurralde honetan hemengo kultur gaiak biltzen eta egituratzen ditugun arabera osatuko dugu euskal kultura».
Trukea bai, baina zaporea aldatu gabe
Inguruan dituen kulturek Euskal Herriko ezagupenetan izan dezaketen eraginaz galdetuta metafora eder batez erantzun dute: «Irudikatu ditzakegu heltzeak; munduan dauden kosmobisioak dira sutan dauden heltzeak, eta barruan daukate zopa bat, bakoitzak berea, bere elementuekin. Hainbat elementu heltze guztietan izango dira; eta beste batzuk, berriz, bereziak izango dira. Heltze hori sutan dagoelarik sortzen du lurruna, eta lurrun hori biltzen da beste heltzeetako lurrunarekin hodeiak sortzeko. Horiek botatzen duten euria edozein heltzeren barruan barneratzen da, horrela elkarrekin komunikatzen dira heltze guztiak». Baina posible da gisa horretan nork bere zaporea mantentzea: «Heltzean nork bere zopa mantentzen du».
Mundu globalizatu honetan, informazioaren joan-etorriarekin batera, lan merkatuaren mundializazioa gertatu da, bai eta pertsonen joan-etorri ugari ere. Hala, immigrazioak beste erronka bat jarri dio euskal kultura gisa definitzen den horri, eta trasmisioari berari ere. Gaizka Arangurenek azaldu duenez, etorkinen euskal ezagupenak transmititzeko adina aintzat hartu behar da. «Esaten da ezagupen prozesuan edota norbere nortasuna eraikitzean, lehen bost urteak erabakigarriak direla. Nolabait bost urtean eraikitzen bada eta gero bizitzera beste toki batera joaten badira, nahiz eta bertan bost urte eman, jatorrizkotzat lehen hura jotzen dute», adierazi du.
Zein da orduan bitartekarien lana? «Normalean, bi urterekin eskolatzen direnak bertan sortuak izaten diren etorkinen seme- alabak dira, eta irakasleak egin behar duen lana beste ikasleekin egin behar duenaren parekoa da; bost urte baino gehiagokoak direnean, kontuan izanik nortasun kultural egituratua dutela, hori errespetatu eta bertakoarekin osatzea da lana. Kultura berri horri begiak itxi ez diezazkiola saiatu behar du», azaldu du.
Azken hamarkadetan gertatu diren aldaketa ugariak direla-eta, Euskokultur Fundazioaren zuzendariaren esanetan, euskaldunen ezagupenak finkatzea eta hausnarketa lana bultzatzea ezinbestekoa da. Horiek hala, Euskal Curriculumaren alorrean egiten ari den lana begi onez ikusten du oso. «Bertan ezagupenak eta gaitasunak zehazten ari dira eta hori guztiz funtsezkoa da, batez ere, egun hauetan». «Oso kontuan izan behar dena zera da: euskal kulturaren arrautza ez dagoela geneetan, ezagupenetan baizik», nabarmendu du Arraizak hizketaldia amaitu eta aulkitik altxatzean.