Edouard Glissant martinikarra, Errobiko Jaialdian gonbidatu
Jaialdia ondoko uztailaren 19 eta 21 bitartean izanen da Itsasun. Hiru egunez, «sorkuntza» ardatz dutela, Euskal Herriko eta nazioarteko artistak elkartuko ditu. Aurtengo gonbidatu nagusia Edouard Glissant Martinikako olerkari ospetsua izango da eta hiru egunez Euskal Herriko eta atzerriko olerkari eta artisten artean sortuko diren harremanen oinarrian izango da. Aurten, izan ere, artearen bidez Gernika eta Hiroshima elkartu nahi izan dituzte antolatzaileek.
Ainize BUTRON | BAIONA
Duela hiru urte abiatu transmisioaren zikloari jarraipena emanen dio aurten berriz ere Errobiko Jaialdiak Itsasun. Uztailaren 19 eta 21 bitartean, nazioarteko eta Euskal Herriko artisten elkargune horrek bere hamabigarren edizioa eginen du, eta horren karietara, Edouard Glissant Martinikako olerkaria izango da gonbidatu nagusia.
Egunez egun proposatu dituzten ikusgarri eta ekitaldietan Glissanten lana ekarriko dute gogora, izan ere. Martinikarra gogoratzerakoan Beñat Axiari kantariak eta jaialdiaren antolatzaileak honakoa erran zuen: «Glisssantek munduari beste begirada bat ematen dio, argitasunez eginiko mundu bat azaltzen digu».
Osteguneko, arratsaldeko bostetako lehenengo emanaldia Glissantek zabalduko du eta, ondotik, egunez egun egingo diren ikusgarrietan parte hartuko du olerkariak.
«Gure aurtengo jaialdiko bizkarrezurra da olerkaria», esan zuen Axiarik. Martinikako olerkilariarekin batera, Euskal Herrikoak ere izango dira Itsasun.
Itxaro Borda eta Bernardo Atxagak parte hartuko dute, besteak beste. Azken hori, ostiralean, arratseko bederatzi eta erdietan emango duten «One more language» sorkuntzaren inspiratzailea izan da. Japonia, Italia eta Euskal Herriko artistak biltzen ditu eta ikusgarriak Japoniako doinu tradizionalak eta Bernardo Atxagaren olerkiak elkartzen ditu.
Gernikatik Japoniara
Japonia aipagai dela-eta, herrialde horrek aurtengo jaialdian duen garrantzia nabarmendu zuen Axiarik.
«Gernikatik Hiroshimara, Euskal Herritik Japoniara: ikusgarri guztietan bi herrialdeen artean loturak sortzen saiatuko gara», erran zuen. Shinobu Kikuchi musikaria izango da aurtengo Japoniako gonbidatu nagusia. Gernikari dagokionez, ostegun gaueko emanaldian bonbardaketaren 70.urteurrena ekarriko dute gogora, nagusiki.
«Gernika gogoan» lanarekin, Jean François Larralde, Beñat Axiari eta Jean Bengoetxearen bozen bidez bonbardaketaren egunaren tragedian «sartuko» dira ikusleak.
Horrekin batera, Alain Serres-ek «Et Picasso peint Guernica» liburua izenpetuko du eta tailer berezia gidatuko du. Bertan, Japoniako teknika baten bidez paperezko mila oilo eraikiko dituzte. Bakoitzean olerkiak eta haikuak idatzi eta Gernikako Bakearen Museora bidaliko dituzte.
Beste ekitaldi nagusien artean, larunbateko arratseko bederatzietatik goiti, Atharrin izango den emanaldia gogorarazi zuten antolatzaileek. «Kaos-opera» izeneko lanean Bernard Lubat okzitaniarraren konpainia eta Edouard Glissant bera elkartuko dira agertokian. Baina, hitzordu nagusi horietatik at, beste hainbat ekitaldi preziatzen ahalko dira hiru egunez.
Itsasun barna
Atharritik Elizaldira, Itsasuko mendixketatik pasatuta, Lapurdiko herri horretako gune ezkutatuenak artearen bidez ezagutzeko aukera emanen du Erro- biko Jaialdiak. Atharrin, esate baterako, lekuko eta kanpoko artisten elkargunea izango da. Zilibokata izeneko tartean, arratsaldeko ordubi eta erdietan, egunero, inprobisaketak egiteko aukera izango dute artistek.
Eta ostiral gauean, berriz, Itsasuko mendixketan zehar ibiliko dira «Gau urrats» izeneko gaualdian. Shakespeareren olerkiak emanen dituzte bertan.
Larunbat gauean, berriz, gauerditik goiti, ekialdeko eta Euskal Herriko musikariekin gau pasa egiteko aukera emanen dute.
Ostiral eta larunbat arratsaldeetan artisten arteko topaketak izango dira Atharrin. Bi eta erdietatik goiti, jaialdian parte hartzen duten nazioarteko eta lekuko artistak izango dira bertan inprobisaketak egiteko.
Errobiko Jaialdian, nazioartetik datozen musikariak, dantzariak eta kantariak entzuteaz gain, berekin lanean aritzeko aukera ere ematen dute, tailer berezien bitartez. Hala, uztailaren 12 eta 19 artean, Franck Van de Ven-ekin dantza ikastaroak egiten ahalko dira. 16tik 19ra, berriz, Roy'art Théâtreko David Goldsworthyrekin eta Beñat Axiarirekin kantu ikastaroak izango dira eta, azkenik, uztailaren 20an goizean eta 21ean egun osoan, Carlo Rizzo Italiako danbor jotzailearekin azken ikastaro bat egiten ahalko da.
Arte plastikoak ere izango dira aipagai jaialdian. Urtero bezala, hiru artista garaikideren erakusketak izango dira ikusgai Sanoki gelan. Aurten, Anne Merlet artistaren collageak, Monique Salaber argazkilariaren lanak eta Michele Moreauren «Makilak» ikusten ahalko dira. Jean-François Larraldek antolatuta, egunero erakusketaren bisitaldi bat eskainiko dute. Horrenbestez, erakusketarako nagusiki emakumeen obrak aukeratu izana nabarmendu zuen Maite Axiarik. Eta, emakumeak urtero gogora ekartzeko, Errobiko Jaialdian egiten den lana nabarmendu nahi izan zuen.