GARA > Idatzia > Txirrindularitza

KANPOTIK

Hasi dira zezenak korritzen


Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)

Iruñean eta Londresen sanferminen zain zeuden aspaldian. Eta txupinazoak eman zien hasiera. Nafarroako hiriburuan zezenak Santo Domingoko korraleetan itxi zituzten eta Tourreko piztiak Big Ben ospetsuaren inguruan. Inora joan ezinik, urduritasuna izerditzen hain aspergarriak diren arraboletan, ziztu bizian atera ziren. Suitzako belardietan hazitako zezen puska izan zen denen buru inoiz ikusi dugun entzierro azkarrenetakoan. Hesiaren barrutik zezenen aurrean korrika egiten duten gazteak bezain larri ibili ziren motor batzuk Cancellararen adarkada saihesteko. Kanpotik, berriz, jendea erruz. Ikuskizun handiek hala eskatzen baitute. Plazara iritsi eta ezin, ordea, festa giroaz gozatu. Zuzen-zuzen korraleetara. Jai betean sartua dagoen hirian bederatzi minutuko askatasuna baino ez zuten izan protagonistek. Nekea baino handiagoa izan zen estresa azkar gorputzetik kanporatu behar, eta horretarako prest langile asko. Zezenak baitira entzierroa egin ahal izaten dutenak. Ikuskizunaren oinarria. Txirrindulariak atzo bezalako kirol festen oinarria diren bezala, batzuek sarritan ahaztu egiten duten arren.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo