GARA > Idatzia > Gutunak

aitor duñabeitia martin Durango

Asko duenak gehiago gura

Euskaltel, arabar, giputz eta bizkaitarron herri-kapitalaz sortutako enpresa pribatua, dirua osten ari zaigu. Telekomunikazio enpresa honekin sakelakoren bat dohainik edo salneurri merketuan eskuratu duen bezero orok 18 hilabetez kontratuarekin irauteko konpromisoa hartzen du; baita, bete ezean, 150 euroko kalte-ordaina emateko konpromisoa ere.

Kontua da, bezerooi, legearen arabera, parte proportzionala baino ez dagokigula ordaintzea; esate baterako, kontratua sinatu zenetik 8 hilabete igarota, bezeroak ez luke 10 hilabeteri dagokion kopurua (83,33) baino gehiago ordaindu behar. Euskaltel, ostera, sistematikoki kobratzen ari da 150 euroko kopuru osoa; eta argudiatzen die bezeroei halaxe sinatu dutela. Eta egia da, baina jakinarazi behar zaio bezerook jakitun garela, gehiegizko klausula izanik, izan lezakeen balioa bertan behera gelditzen dela.

Azken batean, kontua da nik bezala kontsumitzailearen arretarako bulegoren batera edo Kontsumoko Arbitratze Batzordera jotzen ez duten pertsona guztien diruaz, era bidegabean, jabetu egingo dela Euskaltel.

Horrenbestez, bezero batzuk jakitun zarete; baina, jakitun ez direnen eskubideez inongo erakunderik ez da arduratuko? Inongo herri-erakunderen eskumenera ez dago, ala, kexatzen garenon eskubideak ez eze, denonak ere babestea? Urliari 150 euro kenduz, Sandiari beste horrenbeste... ez da gero makala osten dabiltzan dirutza.

Errentagarria den konpainia batek zergatik jotzen ote du dagokion dirua ez eze, ez dagokiona ere eskuratzera? Baliteke, esaerak dioen moduan, asko dauka- nak gehiago gura duelako izatea. Bada, ea harako txakurrari bezala gertatzen zaion, bi tokitan jan nahi izan eta jan gabe gelditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo