Björk izotzezko erreginak joko du «reactable»a Guggenheimen
Islandiako musikari paregabea gurean izango da bihar lehenengoz, «Volta» disko berria aurkezteko eta Guggenheim museoaren hamargarren urtemuga ospatzeko. Abangoardiako artista esperimentatzaileak proposamen ausart eta harrigarriak egin ohi ditu, eta plastizitate handiko ikuskizunak eskaini; oraingo honetan reactable sortu berriarekin.
Anartz BILBAO | BILBO
Sarritan muturreko proposamen bitxi, ausart eta aurrerakoiak egin dizkigu Björk islandiar sortzaile libreak, tartean musika elektronikoa eta klasikoa uztartzeko ahaleginekin. Haatik, Mikel Chamizok joan den larunbateko MUGALARIn zehatz azaldu bezala, harritzekoa da munduan milioika disko saldu eta lortu duen oihartzun eta ospea.
Bihar, lehen aldiz Euskal Herrian izango dugu izotzetik datorren musikaria, hiru urteko isilunearen ondoren maiatzaren 7an plazaratu zuen «Volta» (Universal) aurkezteko.
Filmetako musika, remix eta beste kontutan hartu gabe, bakarlari legez argitaratzen duen seigarren lana du «Volta». Björkek berak ekoiztua, lan berriak hamar kanta biltzen ditu eta Indonesiara egindako bidaia bat du oinarri. Aurreko «Medulla» (2004) baino erritmikoagoa, honakoan ahotsa ez da gehiegi nabarmentzen.
Makina bat laguntzaile deitu ditu Björkek diskoa kolorez janzteko. Tartean Anthony & The Johnsonseko kantariaren ahots bereziak lagundu du eta hip hopera hurbildu da beste Timbalandekin (Jay Z edo Missy Elliotekin lan egindakoa). Mark Bellek (LFO) eta Chris Corsanok (Sonic Youth) bateria jo dute. Brian Chippendalek (Lightning Bolt) ere lagundu du, Toumani Diabate kora jotzaille maliarrak, Konono Nº1 kongoarrak edo Xiao-Fen (Chinese Pipa) txinatarrak bezala.
Reykjaviken 1965eko azaroaren 21ean jaiotako neskatoak laster erakutsi zituen musikarako gaitasun eta grina. Flauta eta piano jotzaile bikaina eta musika klasiko zale amorratua dugu. Lehen grabaketa hamaika urte zituela egin zuen eta bakarlari aritu aurretik makina bat taldetan abestu zuen, tartean Sugarcubesen, nerabea zela.
1993an «Debut» bikaina eman zuen eta sekulako oihartzuna erdietsi zuen. «Post» eta «Homogenic» plazaratu zituen gero, eta «Vespertine» eta «Medulla» milurteko berrian, guztiak One Little Indian zigiluan. 2000an «Dancer in the Dark» Von Trierren filmean antzezle aritu zen eta bitxia da oso, gobernuak irla bat utzi diola gozamezkoan, islandiarrik famatuena izateagatik, egun Londresen bizi den arren.
Sergi Tordaren «reactable»a
Zuzenean musika tresna berri bat darabil islandiarrak, komunikabideek eta antolakuntzak nabarmendu duten legez. Jakinmina piztuta, reactable mahaia zer den jakin nahian tresnaren sortzaileari deitu dio GARAk Bartzelonara. Bertako Pompeu Fabra Unibertsitateko Musika Teknologia Institutua zuzentzen du Sergi Jordak; Marcos Alonso, Günter Geiger eta Martin Kaltenbrunnerrekin batera tresnaren asmatzaileak. Informatika ingeniariak izateaz gain, musikariak dira laurak.
Atsegin, astiro eta argi eman ditu azalpenak Sergik. Saxofoia jotzen zuen berak lehen, eta bat-batekotasuna landu. Hogei urte daramatza ordenagailuekin musika garatzen eta egun munduan Informatika Musikala ikertzen duen talde garrantzitsuenetakoa omen da berak zuzendurikoa. Ikerlariak eta musikariak ditugu, beraz, bat-bateko musika ordenagailuz egin nahian dabilena. Urteetako jardunaren ondorioz, 2003an aurkitu omen zuten bide zuzena, egungo reactable-ra eraman dituena, musika tresna tradizionalen abantailak ordenagailuak dituenarekin uztartuta.
Asmakizuna mahai bat da. Bertan, gainean, objetu batzuk daude eta horien arteko harremanak -urruntze eta hurbiltzeak- sortzen du soinua (berez 70eko hamarkadan Robert Moogek sortutako sintetizagailu modularren antzeko funtzionamendua du, bestalde, teklekin zerikusirik ez duena). Musika elektronikoak soinua infinitua arte manipulatzea ahalbidetzen du eta hori da tresna horrek lortzen duena, modu natural batez, objetuak mahaian mugituz. Harrigarriro, modifikatutako soinua ikusteko aukera ere eskaintzen du, pantaila baten bitartez. «Soinua entzun ez ezik, ikusi ere egin daiteke reactable-aren bitartez» -Interneten makina bat bideo dago tresna berriaren erakustaldiak ikusteko-.
Soinua ikusi? Harridurari Sergik erantzuten dio: «Mahai borobil handi hau -metro bateko diametroa baitu- ordenagailu bateko pantaila bat da azken finean, eta soinua argi bihurtu eta irudiak ikusten dituzu bertan».
Etorkizunera begira, tresna berriaren ekarpenaz galdetu eta argi azaldu du: «Tresna hau musika zuzenean jotzeko pentsatuta dago, ez musika konposatzeko. Zuzenean jo daiteke eta pertsona batek baino gehiagok parte har dezake, bi esku edo zortzi erabili eta mahai gaineko piezak mugituz segun eta zein modifikazio lortu nahi dituzun».
Hastapenetan da oraindik «mahai» iraultzailea, eta munduan lau baino ez daude egun, Sergiren ekipoak eskuz eginak, eta prezioa eman nahi izan ez badu ere, garestiak. Bi beraiek darabiltzate unibertsitatean, CosmoCaixa zientzia museoak bat estrenatuko du irailean Alcobendasen eta Björkek du laugarrena. Bosgarren bat eraikitzen ari dira egun, Montrealeko Zientzia Museoak eskatuta.
Etorkizunean musika tresna garatzea espero duten arren, hasiak dira etxe komertzial indartsu batekin harremanetan eta aurki izango dugu lehen bertsioa merkatuetan. Disko jartzaileek ere agertu dute interesa eta ikertzaile taldea tresna murriztu edo sinpleago bat sortzen ari da orain, dj-en beharrizanei egokitua.
Zenbait musikarik tresna elektroniko berria ikusi badu ere, Peter Gabriel edo Lauri Andersonek kasu, Björki dagokionez, gauzak harrigarriro azkar joan omen dira. Interneten ikusi omen zuen reactable-a, eta interesa agertu. Harremanetan jarri eta Parisko hotel batean erakustaldia egin zioten islandiarrari. Bost egunetara eskaria jasoa zuten katalanek, mahai bat ekoizteko. Bere taldeko musikari bati oinarrizko azalpen gutxi batzuk eman eta dagoeneko bost zuzenekoetan erabili omen dute mahaia, baita ospetsu egin ere. Azken lau kantuetan jotzen eta nabarmentzen omen dute tresna, bai eta hark sortutako irudiak ere erakusten ditu.
Sergi bera ere Bilbon izango da biharkoan, Björken musikariek reactable harrigarria nola jotzen duten zuzenean ikusteko ilusioa baitu.
Al Naturalen flamenkoa
Ameriketako Estatu Batuetan, Coachellan, apirilean hasi eta Toronton, Canadan, irailean bukatuko den bira hogeita hiru datek osatzen dute eta zuzenekoetarako eszenaratze ikusgarria espero da. Horretarako, reactable-aren irudiez gain, Strictly FX enpresako Mark Gregengana jo du Björkek. Besteren artean, Lenny Kravitz, Prince, Paul McCartney, Eminen edo Pink Floydekin aritutako morroia maisua dugu laser efektu ikusgarriak pizten.
Islandiarrak hamarretan zapalduko du Guggenheimen egokituko den oholtza. Ordurako, Al Natural ikuskizun flamenkoak bukatua izango du ikus-entzuleak berotzea xede duen lana.
Al Natural dantza ikuskizunak Farru, Barullo eta Jose Maya flamenko dantzariak aurkezten ditu. Hogei urte inguruko dantzariak ditugu hirurak, flamenkoaren munduan etorkizun handikoak.
Bihar txarteldegia irekiko dute museo aurreko turismo bulegoan, sarrerak eskuratzeko.
Data: Bihar.
Lekua: Guggenheim museoko atzealdea (Bilbo).
Ordua: 19.30ean ate irekiera. 20.30ean Al Natural eta 22.00etan Björk.
Sarrera: 45 euro (VIP, 85 euro).
El concierto de la multidisciplinar, plástica y singular islandesa celebra el décimo aniversario de la sinuosa pinacoteca de Bilbo y presenta su recién editado «Volta». Para ello se ha reservado un espacio para diez mil espectadores, 750 de ellos con entrada VIP, que les permitirá visualizar el directo sentados delante del escenario habilitado frente a las largas escaleras que bajan de la avenida de Abandoibarra hasta el muelle de Evaristo Txurruka. El escenario dará la espalda a la ría y a la universidad de Deusto. Por ello, el viernes a las 14.00 h. se cortará el acceso al perimetro del museo.
A. BILBAO
Björk berak ekoiztutako «Volta» seigarren lanean Antony (& the Johnsons), Timbaland, Chris Corsano eta Brian Chippendale bateria-jotzaileak, Mark Bell, Min Xiao-Fen, Toumani Diabate eta Konono Nº1 izan ditu laguntzaile.
Sergi Jordak zuzentzen duen lauko taldeak reactable deritzon mahaia edo musika tresna garatu du Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, egun Björken musikari batek baino ez darabilena zuzenean.