Uda, herrietako jaiak, txosnak eta musika (II)
Eremuen irekieraz ari garenean aniztasunaz ari gara; aniztasuna musika estiloei dagokienez eta aniztasuna aberastasunaren bidean. Belarriak zabalik eduki behar ditugu, kritikarako gaitasuna galdu gabe. Edozerk balio du? Gustu musikalak pertsonalak dira, jakina, baina musika, ideiak, sentimenduak eta jarrerak zabaltzeko tresna ezin hobea da
Aritz SOUND SYSTEM Kazetari eta musika adiktoa
Herrietako jaietan entzun daitekeen (edo, hobeto esanda, entzuten ez den) musikarekin kritikoak izan gara askotan. Urteak dira Euskal Herriko festa asko bisitatu ditugula eta, sinplifikatuz, bi musika eremu aurkitu ditugu herri guztietan: bat, musika «kañeroa» eskaintzen duena (rocka bereziki); eta bestea, «patxangadak» jartzen dituena (udako kantuak eta modan dauden kantu errepikaerrezak). Eremu nahiko itxiak dira gainera; «kañeroan» soilik musika hori jartzen dute rocka ez den guztiak jendea «desmobilizatzen» omen duelako (?); eta bestean, kantu horiek jartzen dituzte jendeak «eskatzen» duen musika omen delako (jendeari aukeratzeko ematen zaio ala?). Eremu horietan egoten ez diren musikak atsegin ditugunok, berriz, jai dugu. Azken urteotan, gutxi batzuk egindako lanari eta sortutako eztabaida apurrari esker, gauzak aldatzen ari dira pixkanaka eta «irekiera» prozesua ematen ari da. Leku askotan, ordea, «irekiera» horrek hartu duen zentzua kezkatzekoa da. Eremu «kañeroa» delakoan (ematekotan eztabaida hor eman delako, bestean eztabaida gutxi) irekiera, eremu «patxangeroko» hainbat kantu sartzea izan da. Falta genuena! Martxa honetan eremu bakarra izango dugu (pentsamendu bakarraren zorionerako). Eremuen irekieraz ari garenean aniztasunaz ari gara; aniztasuna musika estiloei dagokienez eta aniztasuna aberastasunaren bidean. Belarriak zabalik eduki behar ditugu, kritikarako gaitasuna galdu gabe. Edozerk balio du? Gustu musikalak pertsonalak dira, jakina, baina musika, ideiak, sentimenduak eta jarrerak zabaltzeko tresna ezin hobea da. Zergatik promozionatzen dira musika batzuk eta beste batzuk zentsuratu? Musika estiloarekin du erlazioa? Zergatik BBK Live jaialdiak komunikabide «handien» babes osoa du eta Euskal Herria Zuzenean jaialdiak ez? Taldeen musika kalitateagatik? Ez dugu uste. Ez dugu zentsurarik bultzatu nahi, baina entzuten eta bultzatzen dugun musikarekin (eta honen inguruan dagoenarekin) kritikoak izatea eskatu beharko genioke geure buruari. Horretarako, musika hori eta inguruan duena ezagutzea beharrezkoa da. Horrela eginez gero, gurearekin zerikusia ez duten kulturak ezagutu eta mundua ulertzeko ikuspegi desberdinak daudela ikusiko dugu. Musika (gehiago) ezagutu, ulertu, errespetatu eta goza dezagun.