Ornette Colemanen saxofoiak beteko du Gasteizko jazz jaialdia
Uztailak jazza ekarri ohi du Euskal Herrira eta Getxoko jaialdiaren ostean hemen dugu Gasteizkoa, hogeita hamaikagarrenez. Egitarauaren pisua Principal antzokiko XXI. mendeko jazzak eta Mendizorrotzako izen handiek hartuko badute ere beren gain, pixkanaka jazza hiriko bazter guztietara zabaltzen ari den jaialdiak Mc Coy Tyner, Ornette Coleman eta Norah Jones izango ditu aurten izarrik distiratsuenak. Azken hau ikusteko sarrera guztiak salduta daude jada.
Anartz BILBAO | BILBO
Getxokoa bukatu eta Gasteizkoa hasi, hogeita hamaikagarrenez jazz soinuz zipriztinduko dute Arabako hiriburua igande honetan abiatu eta datorren larunbatera arte luzatuko den jaialdiarekin. Bertan, besteak beste, Hasier Oleaga, De Diego anaiak eta Ruper Ordorika bilduko dira euskal konexioan, Chano Dominguezen hirukoteak Tete Montoliu omenduko du eta McCoy Tynerrenak John Coltrane. Bigarren asteburuan, jaialdiko izar handiak, Ornette Colemanen saxofoia eta Norah Jones abeslari arrakastatsua. Hori guztia eta gehiago bi agertoki nagusitan. Bata, Mendizorrotzan, eta bestea, Principal antzokian. Ikus ditzagun egitarauaren nondik norakoak egunez egun.
Igandean, Armentiako zelaietan hasiko da jaialdia, New Orleanseko picnicarekin. Mendizorrotza kiroldegiko egiatarauari dagokionez, datorren astelehenekoa euskal musikarien gaua izango da. Hasier Oleaga bateria-jotzaile ipurterrearen laukotea, Victor eta Juan de Diego anaia saxofoi eta tronpeta-jotzaile bikainak eta Ruper Ordorika kantaria bilduko dira gau liluragarrian. Asteartean, Chano Dominguez piano-jotzailearen hirukoteak Tete Montoliu omenduko du piano-jotzaile bartzelonarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Musikari gazte eta ausartek osatutako San Francisco Jazz Collective zortzikote modernoak joko du Cadizko jazzmanarekin batera.
Asteazkenean, Bill Evans piano-jotzailearen jarraitzaile sutsua den Niño Josele gitarra-jotzaile flamenko gaztea. Almeriarrak boskotean joko du Joe Lovano saxo tenor-jotzaile bikaina duela lagun gonbidatu gisa. Gauaren bigarren zatian, Buika. Mallorcako neskatila kantariak ere lagun berezi bat izango du ondoan: Terell Stafford tronpeta-jotzaile afroamerikarra.
Jaialdiaren bigarren txanpak goi mailako izarrak ekarriko ditu. Hasteko, gaur zortzi, McCoy Tyner piano-jotzaile handiaren hirukotea, Art Blakeyrekin jo zuen Gary Bartz saxo-jotzaile trebearekin laukote bihurtua. McCoy iaz Gasteiz berotu zuen Sonny Rollinsekin ez ezik gazte-gaztetan John Coltraneren laukote ospetsuan ere jotakoa da jazzaren gailurtzat jo izan den «A Love Supreme» maisulana grabatu zuenean. Orain, Coltrane lagun eta maisua omenduko du Gary Bartz, Gerald Cannon baxu-jotzailearekin eta Eric Kamau Gravatt bateria-jotzailearekin batera. Gaua biribiltzeko, Terence Blanchard tronpeta-jotzailearen boskoteak Spike Leeren filmetako jazz musika eskainiko du zinema zuzendariak berak gidatuko duen emanaldian. Gonbidatu gisa, Patti Austin & Bilal. Ostirala ere ez da txantxetakoa izango. Laukotean joko du Ornette Coleman dotoreak. Badira 50 urte egun 77 dituen saxo-jotzaileak jazzaren mundua asaldatu zuenetik. Iaz, hamar urteko isilaldiaren ondoren, «Sound Grammar» argitaratu zuen banda berriarekin, 20 urteren buruan ekoitzitako zuzeneko lana. Gaua Dave Holland kontrabaxu-jotzailearen boskoteak itxiko du.
Norah Jones arrakastatsuak emango dio bukaera jaialdiari. 28 urteko New Yorkeko kantariak milioika disko saldu ditu dagoeneko eta Blue Note disko etxe dotorean aurten «Not Too Late» plazaratu ostean, datorren urterako prest omen du «The Creep». Gonbidatu gisa, M Ward, Norah bera bezala pop izarrekin lan egindako abeslaria.
«XXI. mendeko jazza» lelopean, zuzeneko interesgarriak izango dira Principal antzokian. Bertan, Angel Celada bateria-jotzaile gasteiztarraren Shap hirukotea, boskote bihurtua. Baita Christian Scott tronpeta-jotzaile gaztearen etorkizun oparoko boskotea ere. Gaztea dugu Antonio Serrano ahosoinu-jotzaile espainiarraren laukotea ere. Gaur zortzi Esbjorn Svensson piano-jotzailearen hirukote europar modernoa. Ondoren, John Scofield gitarra-jotzaile eta John Medeski teklatu-jotzaile bikainen zuzeneko zirraragarria. Eta bukatzeko, Esperanza Spalding baxu-jotzaile afroamerikar gazte eta ederra.
Datorren asteburuan jaialdiak Donostiari emango dio lekukoa, Norah Jonesen zuzeneko ezin arrakastatsuagoarekin. Aurretik, Ornette Coleman saxofoi-jotzailea eta Spike Lee zinemagilearen txanda izango da.
Data: Uztailaren 15etik, igandea, uztailaren 21era.
Igandea: New Orleans picnica Armentiako zelaietan,
18.00etan. Doan.
Astelehena: Shap, 18.00etan, Principal antzokian. 15 euro. Hasier Oleaga quartet, Victor & Juan de Diego eta Ruper Ordorika, 20.00etan, Mendizorrotzan. 20 euro.
Asteartea: Christian Scott, 18.00etan, Principal antzokian. 15 euro. Chano Dominguez trío eta San Francisco Jazz Collective, 21.00etan, Mendizorrotzan. 25 euro.
Asteazkena: Antonio Serrano, 18.00etan, Principal antzokian. 15 euro. Niño Josele eta Buika, 21.00etan, Mendizorrotzan.
25 euro.
Info.: <www.jazzvitoria.com>.
Getxo eta Gasteizkoen artean izaten da gaur hasi eta larunbatera arte ospatuko den eta iaz 10.000 lagun bildu zituen Baionako jaialdia.
Gaurko egitarauan Joshua Redman da artista ezagunena. Saxo-jotzaile gazteak «Back East» aurkeztuko du. Bihar, Henri Texier Stradaren seikoteak sortuko du ikusmin handiena.
Etzi, izar handiak. Batetik, Smooth hirukote ausarta, jazza eta popa uztartzen dituena. Bestetik, Kenny Garret saxo-jotzaile trebearen laukotea, «Beyond the Wall» aurkeztuz.
Baiona Ttipiko elkartetxe berrian. 12/14 euro. A. B.