Pixies astindu eta bakarlari gisa etorriko da Frank Black
Zortzi urte eta lau lan luze baino ez zituen behar izan Boston hiriko Pixies laukoteak rockean marka uzteko. Orain Frank Black bere gidaria ikusteko aukera izango dugu, Bilboko Kafe Antzokian.
Anartz BILBAO | BILBO
Ez zen edonolakoa izan 2004an Bartzelonako Primavera Sound jaialdi erraldoian Pixies ikusteko aukera izan genuenok bizitako zirrara. Bostonen 1983an laukote sortua, Black Francis gitarra-jotzaile eta abeslaria, Kim Deal abeslari eta baxu-jotzailea, Joey Santiago gitarra-jotzaile filipinarra eta David Loveringta bateria-jotzailea laster bilakatu ziren hurrengo hamarkadako talde arrakastatsuen eredu. Taldeak lau harribitxi ekoitzi zituen «Come on Pilgrim» Ep-arekin debuta egin ostean, 4AD disko etxean. Estreinakoa, 1988an Steve Albinik ekoitzitako «Surfer Rosa». Gil Nortonek ekoitziak beste hirurak, «Doolittle» bikaina 1989an, eta «Bossanova» eta «Trompe Le Monde» 90eko hamarkada hasieran. 1997an «Death to the Pixies» bilduma argitaratu zuten eta 2004an, esan bezala, lau musikariak berriro elkartu ziren oholtza gainean eta egun lan berria prestatzen omen dabiltza.
Alta, bakoitzak bakarkako bidea egin du harrezkero. Kim Dealek, kasu, The Breeders taldea sortu zuen Kelley ahizpa bikiarekin eta Frank Blackek makina bat disko plazaratu izan ditu bakarkako lanean.
Bostonen 1965ean jaioa, Frank Blackek Kalifornian pasatu zuen haurtzaroa eta gazterik hasi zen gitarra jotzen. Unibertsitatean antropologia ikasketak egin eta Joey Santiago gitarra-jotzailea ezagutu zuen eta, ikasle truke programa batean Puerto Ricon ikasturte bat pasatu ostean, Bostonera itzuli eta Pixies jarri zuen abian. Bakarka 1993ko «Frank Black» du lehenengo lana, zientzia fikzioan oinarritua. Hurrengo urtean «Teenager of the Year» bikoitza plazaratu zuen, 4AD disko etxean emango zuen azkena, hurrengoa, «The Cult of Ray», Rick Rubin ekoizlearen American Recordings disko etxean plazaratu baitzuen.
Azken hamar urtetan Frank Black & The Catholics izenarekin ekoitzi izan ditu diskoak Cooking Vinyl disko etxean, urtero bat, taldearekin batera. Tartean, 1999ko «Pistolero» edo 2005eko «Honeycomb».
Pixiesen lan berria heldu bitartean, noizbait heltzen bada, Frank Blackek bi lan prestatu ditu aurten plazaratzeko hasieran zerabilen Black Francis izena berreskuratuz. «Bluefinger» (Cooking Vinyl) da lehenengoa, Herman Brood pintore holandarraren lanean oinarritua. «Best of Frank Black 93-03» bikoitza da bigarrena. Lehenengo diskoan 1993an bakarka egindako «Frank Black» debutetik 2003ko «Show Me Your Tears» lanera bitarte aukeratutako kantak ageri dira; bigarrenean, berriz, azken biran zuzenean jotako kantak, Eric Drew Feldman baxu-jotzailea, Duane Jarvis gitarra-jotzailea eta Billy Block bateria-jotzailea lagun. Bilbon, Simon Ding Archer baxu-jotzailea arituko da bandan.
Data: Gaur, osteguna 12.
Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).
Ordua: 22.00etan.
Sarrera: 25/28 euro.