disko berriak Aritz System
Estudioko musikaren omenez
Euskal Herrian gutxi dira estudioko musikari lanetan ari direnak; eta, horretan dihardutenak maila handiko musikariak izanda ere, ez dira batere ezagunak. Gure mugetatik kanpo, ordea, oso ohikoa da estudioko musikaria izatea, musikatik bizi diren profesionalen artean behintzat. Eta are gehiago estilo zehatz batzuetan. Ezinezkoa litzateke jazz, soul edo reggae musikaren historia ulertzea estudioko musikaririk gabe. Musikako «mertzenario» hauek izan dira estilo hauen doinu ezagunenak jo dituztenak. Soul musikaren kasuan, Motown disko etxeak, auto fabriken antzera, katean lan egiten zuen. Eta kate horren ezinbesteko atala osatzen zuten estudioko musikariek. Horien artean zegoen Dennis Coffey gitarra-jotzailea. Detroiteko erdi mailako familian jaioa, 13 urte zituela country eta rockabilly musikak ezagutu zituen. Eta hortik, soul eta funk doinuetara pasatu zen. Disko etxe txikiekin lan egin eta gero hasi zen Motown ahalguztidunarentzat lanean.
Funk Brothers estudioko taldeko partaide gisa, garaiko izen handiekin grabatu zuen (Marvin Gaye, Jackson5, eta abar). Filmetako soinu bandak ontzen ere oso trebea zen. 1971 eta 1974 urteen artean lau disko kaleratu zituen Sussex disko etxearekin, eta disko horietako kantuekin osatu da bilduma hau. Egungo rap abeslari askok (LL Cool J, Mos Def, Public Enemy, besteren artean) bere kantuen zatiak erabili dituzte «inspirazio» moduan. Ghettoetako funk rock zikina.