Gerra-mehatxuak ez du etenik Libanon
Iazko uztailaren 12an, soldadu batzuen bahiketari erantzuteko, Israelgo Armadak bonbak jaurti zituen Libanoren kontra. Eraso horrekin hasi zen gerra labur bezain suntsitzaileak 1.200 hildako, 5.000 zauritu eta 800.000 iheslari eragin zituen. Hilabete baten ondoren, abuztuaren 14an, Israelek amaitutzat eman zituen Libanoren kontrako erasoak, baina horrekin ez ziren arazoak bukatu. Gerrak sortutako krisialdi ekonomikoak, agindutako laguntzen eskasia eta banaketa desorekatua... Gerra hartatik urte oso bat igaro ondoren, eta estatubatuarrek gerra Libanoko herriaren mesederako izan zela behin eta berriro adierazi arren, gizartearen egoera benetan tamalgarria da, eta Hizbullah-ek eta herri arabiar batzuek zuzenean bidalitako laguntzak soilik jasotzen dituzte. Egoera ez da hobea arlo politikoan. Politikoki geldirik dago Libano; gerra-hotsak nagusitzen ari dira eta, irailean egingo dituzten hauteskundeetan pentsatu beharrean, alde guztiak beste gerra baterako prestatzen dabiltza. Israel ez zen batere konforme gelditu iazko gerraren ondorioekin; ez gerrarekin berarekin, ez eta haren ondotik Washington-en bidez Libanoko Gobernuari egindako presioekin ez dutelako lortu Hizbullah hondoratzea. Eta gero eta argiago dago Libanon 70eko eta 80ko hamarkadetako gatazka ikaragarria berriro gertatzeko arriskua dagoela.