AHT Gelditu! Elkarlanak manifestazio nazionalera deitu du uztailaren 28rako
AHTren aurkako hainbat kolektibo biltzen dituen plataformak protesta ekintza egin zuen atzo, herritarrak «proiektu txikitzaile horren aurka» manifestatzera deitzeko. 28an manifestazio nazionala izango da.
Jokin BEREZIARTUA |
Abiadura Handiko Trenaren obrak iazko irailean hasi ziren Arabako Luku udalerrian. Lanak ezkutuan abiatu zituzten, inongo herri kontsultarik gabe eta zuzenean kaltetzen dituen udalerrien gaitzespenarekin. Proiektu horri erantzun bateratua emateaz arduratzen den taldeak protesta ekintza egin zuen atzo, Arratzua-Ubarrundian.
AHT Gelditu! Elkarlanak, komunikabideei deia egin ostean, prentsaurrekoa eman zuen. Han, gogor salatu zuen lanen hedapena, eta haiek gelditzeko exijitu zuen.
Lukuko udalerrian lur berriak suntsitzen hasiak direla informatu zuen plataformak, eta Miñaon eta Erretanan ere berehala lur gehiago okupatzekoak direla baieztatu zuten.
Hedapen horiek direla-eta, «obrak modu masiboan» heda daitezkeela, eta horrek «kalte atzeraezina» ekarriko lukeela ziurtatu zuten.
Horrekin batera, talde ekologistak Lakuako Gobernuaren eta Sustapen Ministerio espainolaren jarrera inposatzailea eta ekintzen ondorioak kritikatu zituen. Azken horien artean hauek nabarmendu zituen: hainbat herritan gertatu diren lur-desjabetzeak -Itsasondon eta Elorrion, esaterako-, herri-kontsultetara deitzen duten udalen kontrako mehatxuak eta mendi-martxa informatiboetako parte-hartzaileen aurkako Ertzaintzaren bortizkeria. AHT Gelditu! Elkarlanaren ustean, horrek guztiak «alarma egoera» pizten du.
Mobilizaziorako deia
«Abiadura Handiko Trena gelditu, inposizioa salatu eta herritarren nahia errespetatzea exijitzea premiazkoa» denez, mobilizazioari eusteko eta datorren uztailaren 28an obretara abiatuko den manifestazio nazionalera joateko deitu ditu herritarrak kolektibo ekologistak.
Aldarrikapen egun horretan, «ahalik eta jende gehiena bildu» nahi dutela adierazi dute, AHTren aurkako borrokan indarrak biltzeko.
Manifestazioa Urbinatik aterako da 18.00etan, eta azpiegitura eraikitzeko lanak egiten ari diren gunera abiatuko da. Ekitaldi bat eginda amaituko dute.
ELAk garraio publikoaren eta tren sozialaren aldeko aldarrikapena egingo du Tolosan, uztailaren 13an. Prentsa ohar batean sindikatu honek adierazi duenez, Euskal Herrian garraioa arazo larria da, eta garraio publikoa ondo antolatuta eta pertsonak eta salgaiak beste garraio mota batzuetara desbideratuta auziari irtenbidea ematea posible da.
Sindikatuak ohiko trenbideak bultzatzea eta eraberritzea proposatzen du, baina, «jende arruntaren beharrak eta iritziak aintzat hartuta eta ondorengoentzat natura babestuta».
Gobernu espainolari eta Lakuari azken hori errespetatu ez izana leporatzeaz gainera, ELAk Euskal Herrian salgaiak garraiatzeko balioko ez duen azpiegiturarik erraldoiena inposatu nahi izatea egotzi die instituzio hauei.
AHTren aurkako manifestazioa ere izango da aldarrikapena, eta 11.00etan egingo dute Tolosako Triangelu plazan, sindikatuak adierazi duenez.
Ekitaldia «festa giroan» egingo dutela jakinarazi du ELAk bere oharrean.