kanpotik
Tarte txikian itxita
Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)
Txirrindularitza gogoko dugunok zorionekoak gara egun hauetan. Izan ere, telebistak ordu dexente eskaintzen dizkie egunero Tourreko etapei. Oso-oso zalea ez dena aspertu egiten da lehen aste honetan, kilometro askotan lasterketaren egoera ez baita aldatzen. Asko dira, ordea, bazkalondoko kuluxka hori egiteko onena etapa lau baten emankizuna dela esaten dutenak. Txirrindularia izanik, iritzi horren aurrean minduta azaldu beharko nuke, baina egiari zor, arrazoi eman behar diet. Hori bai, goizeko entrenamendua jarri behar aitzakia bezala, eta ez lasterketaren aspergarritasuna.
Dena dela, aste honetako irudien inguruan bizpahiru irakurketa egin nahiko nituzke, mugimendua hasi baino lehen. Hain emankizun luzeetan ikuspegi desberdinez goza dezakegu. Orain ihesaldian txanda nola ematen duten ikusten dugu. Gero tropelaren irudia helikopterotik hartua. Kotxe tartean, ur garraioan dabilena. Atzeko aldean tentsiotik ihesi dabilena, eta aurrean liderra babestu nahi duena. Plano desberdinak tartekatzen dira emankizuna aberasteko. Batzuetan kultura lezioak ere jasotzen ditugu. Telebistak ematen digun pribilegio hau nabarmendu nahi nuke txirrindulariak aste honetan bizitzen duenarekin kontrajartzeko. Denbora guztian tropel konprimitu baten barruan. Gehienetan, batez ere oso altuak ez direnak, errepidea edo aldameneko zelaiak ere ikusi gabe. Beste lankideen artean harrapatuta, tarte oso txikian.
Kirolariaren ikuspegia kamerena baino askoz mugatuagoa da. Aurrekoaren ipurdia, ondokoaren ukalondoa, eta aldameneko bizikleta eta maillot batzuk. Hain batuta ikusten dugun koloretako multzo horretan 180 txirrindulari baino gehiago doaz, ematen ez badu ere. Sakabanatuko dira bai, ez dudarik egin, hurrengo egunetan.