GARA > Idatzia > Pilota

San Fermin Torneoa

Aimar Olaizolak ez du anaiaren gupidarik izan

Aurrelari goizuetarrak eta Aritz Begino indartsuak lehiaketatik kanpo utzi dute Olaizola I-Patxi Ruiz bikotea, eta gaur gauean jokatuko dute finalerako txartela

p040_f02_097x124.jpg

OLAIZOLA II-BEGINO 22

OLAIZOLA I-P.RUIZ 13

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aimar Olaizolak eta Aritz Beginok merezita irabazi zuten astearte gauean Asier Olaizolaren eta Patxi Ruizen aurka. Aurreko koadroetan, anaia gaztea hobeto moldatu zen eta, atzekoetan, Begino ez zen Ruiz baino gutxiago izan, ez horixe. Modu horretan, Asierrek eta Patxik agur esan diote aurtengo San Fermin Torneoari; Aimarrek eta Aritzek, berriz, gaur Xalaren eta Lasaren kontra irabazi beharra daukate larunbateko final nagusian egon nahi badute.

Olaizola II.ak eta Beginok egindako hasiera bikainean oinarritu zuten garaipena. Edo aurkarien hasiera kaxkarrean. Asierren eta Patxiren hutsak baliatuz, gorriak 12 eta 4 aurreratu ziren markagailuan, eta, hortik aurrera, beteranoek beti aldapan gora ibili behar izan zuten.

Hala ere, galtzaileek lan handia egin zuten eta markagailua dezente berdindu (12-10). Horiek izan ziren urdinen unerik gozoenak, baina gauza jakina da kirolean, atzetik aurrera egindako lanak erabat bukatzen ez badira, partidak irabaztea ezinezkoa izaten dela. Eta asteartean hori gertatu zen.

Aimar Olaizolak bere jokoa atera -9 tanto egin zituen eta bakarra galdu- eta neurketa erabakita utzi zuen Beginoren laguntzarekin; serio aritu zen hura. 15-10 aurreratu ziren lehenik, eta azkenean 13 tantoan utzi zituzten aurkariak. Asier Olaizola, Ismael Chafeeren ordez aritu zena, ez zen fin ibili eta 5 tanto egin arren, beste 6 galdu zituen. Antzeko zerbait esan daiteke Patxi Ruizen gainean. Torneo honetan oso zorte txarra izan duen arren, horrelako partidetan gehiago eskatu behar zaio Lizarrako atzelariari.

Iruñea

Donibane Lohizune

Iruñea (22.15)

Euskal (16.00)

Iruñea (17.30)

Kanbo (21.00)

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo