Plaza librea
Agerre-Saint Estebenentzat Euskal Herriko txapela
Azkeneko hamar kintzera bitarte, finala oso estua eta orekatua izan zen
Jon LEUNDA | HAZPARNE
AGERRE-SAINT ESTEben (
Agerrek eta Saint Estebenek irabazi zuten atzo Hazparnen Euskal Herriko txapela, nahiz eta horretarako makina bat lan egin behar izan zuten.
Norgehiagoka estua iragartzen zen, eta halaxe izan zen, lehen hamahiru kintzetan ez baitzen inor nagusitzen. Markagailuan berdinketa zen nagusi, guztira hamar izan baitziren lehen hamahiru kintze horietan, eta norgehiagoka oso luzea izango zela pentsatu zuten hara joan zirenek.
13-13 egon ziren azkeneko aldiz adostuta, ordutik aitzinera, Agerrek eta Sain Estebebenek agintea hartu baitzuten. Plaza librean jokatzeko indarra garrantzitsua izaten da, eta amaieran horrexek erabaki zuen.
Txapela jantzi zuen bikoak 3-0ko parztiala unerik erabakigarrienean lortu zuten, eta 16-13 aitzineratu ziren. Hortik eta amaierara bitarte markagailuan aurretik izan ziren.
Indarraz gain, sakea ere garantzitsua izan zen, Agerrek lau tanto egin baitzituen estreinako jokaldiari esker, eta Urrutiagaraik, berriz, bat bera ere ez.
Hala ere, txapeldunei asko kostatu zitzaien markagailuan ihes egitea, eta Urrutigarai eta Maitia kintze bakar batera jartzea ere lortu zuten, 22-21, eta beste berdinketa baten atarian egon zitezkela ere ematen zuen, baina ez zen horrelakorik izan.
Agerrek eta Saint Estebenek ez zuten aldea alferrik galdu nahi, eta 6-0ko partziala lortu zuten, 28-21 aitzineratuta, eta finala ia erabakita utzi zuten, amaieratik oso gertu jarri baitziren.
Galtzaileek nahi zuten azken ahalegina egin, eta beste hiru kintze ere egin zituzten, baina Agerrek eta Saint Estebenek ez zuten barkatu. Norgehiagoka erabaki eta txapela jantzi zuten. Hobeak izan ziren, eta merezimendu osoarekin lortu zuten garaipena. Behar zuten unean jakin zuten partidaren ardura hartzen, eta botearekin ere hobeto aritu ziren. Urrutigaraik eta Maitiak lehen zati ona egin zuten, baina amaieran ezin izan zuten aurkariek markatu zuten erritmoarekin aurrera jarraitu.
Zaleen erantzuna
Zaleek atzo emandako erantzunak ere merezi du aipamena. Partida hori joan den igande arratsaldean zen jokatzekoa, baina euria hasi zuen, eta atzo arratsaldera bitarte atzeratu behar izan zuten.
Atzo laneguna zen, eta ez zirudien zaleek erantzuteko egunik aproposena, baina egutegian data librerik ez, eta aste egunean jarri behar izan zuten. Hala ere, zaleek erantzun bikaina eman zuten, 500 zaletik gora batu baitziren finala ikusteko, eta amaieran inork ez zuen inongo damurik agertu.
Berezkoen hiru lehiaketa izango dira aste honetan. Bart abiatu zen Maulen, eta bertan Muskarditz-Harotzarene Hegiapal-Dermiten aurka ziren neurtzekoak. Bihar, 19.00etan, Aranburu-Itoitz Latxerre-Ozafarien aurka neurtuko dira. Finala, etzi izango da 11.00etan.
Kanbon, gaur jokatuko dute lehen partida, eta bertan Bielle-Etxeto Etxeberi-Istillarten aurka neurtuko dira (21.00). Etzi, Amotzen bi finalerdiak jokatuko dituzte, 18.30etik aurrera. Larretxea-Ducassou Idiart-Erekarten aurka, eta Ezkurra I.a-Lazkano Alfaro- Ezkurra II.aren aurka.