GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte mugimenduak independentziaren alde egingo du udan

Euskal Herriko gazte mugimenduko hainbat kideek agerraldia egin zuten atzo Bilbon. Bertan, uda osoan, hainbat herritako jaiekin bat egin, eta antolatu dituzten mobilizazioen berri eman zuten. Horren lekukoa, bihar Santurtzin egingo duten ekimena.

p016_f01_199x104.jpg

Beñat ZARRABEITIA |

Gazteek dituzten arazoei aurre egiteko biderik onena «independentzia» dela nabarmendu zuen atzo gazte mugimenduak Bilbon. Bertan, uda honetarako prestatu dituen ekimenen aurkezpena egin zuen, hain zuzen. Aurtengo ekimenak, «bildu, erabaki eta independentzia irabazi!» leloa izango du. Iaz bezala, gazteek «udan osoan independentziaren aldeko indarrak biltzen» jarraituko dutela nabarmendu zuten. Izan ere, euren aburuz: «independentzia izango da euskal gazteriaren problematikari irtenbidea emango dion proiektua».

Hortaz, hurrengo hilabeteetan euren proiektu politikoaren berri emango dutela iragarri zuten eta «ziur» agertu ziren, gazteriak euren proiektua babestuko duela aipatzean. Alde horretatik, «proiektu hori justizian, balore iraultzaile eta kolektiboetan, eta parekidetasunean» oinarritutako apustua dela berretsi zuten.

Gazte mugimenduko ordezkariek ez zuten independentzia soilik «zazpi lurraldeak era fisiko batean Estatu espainoletik eta frantsesetik askatzeko modura» mugatu, baizik eta «bestelako eredu bat garatzeko proiektu politiko bezala» definitu zuten.

Horrekin batera, «guztion ongizatea bermatzen duen eredua martxan jarriko dugu eta horren ondorioz, Euskal Herriari eta euskal gazteriari zor zaizkigun eskubideak egikaritzea» lortuko dutela ohartarazi zuten.

Egungo errealitatetik abiatuta, independentzia nola gauzatuko duten zehaztu, eta Batasunak aurkeztutako esparru politiko berrirako proposamenarekin bat datozela esan zuten. Delakoak, Hego Euskal Herriko lau lurraldeentzat erabakitzeko eskubidea duen autonomia politikoa planteatzeaz gain, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak biltzen dituen erabakitze eskubidea duen autonomia politikoa ere proposatzen du.

Ekimena gorpuzteko, gazte mugimenduak hainbat mobilizazio egingo ditu uda osoan zenbait hiri eta herritako jaietan. Horiek hala, bihar bertan Santurtziko Karmengo jaietan ekitaldia egingo dute. Hala ere, Santurtzikoa, ez da lehenengoa izango, asteartean Iruñean gazte eguna antolatu baitzuten. Hortik aurrera, hogei bat hiri, herri eta auzotara ailegatuko da dinamika.

Araban, ekimenak Gasteiz, Laudio eta Amurrioko jaietan izango dira. Bizkaian, Santurtzikoaz gain, Algortan, Gernikan, Bilbon, Lekeition, Galdakaon eta Durangon. Bilbo eta Lekeitioko kasuetan gazte egunak prestatu dituzte eta Galdakaon kanpainaren ekitaldi nagusia.

Gipuzkoan, Donostiako Aste Nagusian, Lapurdi eta Oiartzualdea lotuko dituen mendi martxan, Zarautzen eta Egiako Porrontxoetan mobilizazioak eta ekimenak izango dira. Lapurdiren kasuan, Baionako jaietan, abuztuaren 5ean mobilizazioa egingo dute gazteek.

Nafarroan ekimena Agoizko, Leitzako, Tafallako eta Lakuntzako jaietara ere zabalduko da.

Jaietako zapia, independentziaren erakusgarri

Gazte mugimenduak uda honetan «bildu, erabaki eta independentzia eskuratu» leloa daraman dinamikan, aurrera eramango dituen ildo eta mobilizazioak iragarri zituen. Baina ez hori bakarrik, Bilboko zitak beste bi nobedade ekarri zituen. Alde batetik, kanpainaren kartela eta bestetik, eta deigarriena beharbada, hainbat herritako jaietan izango den zapia. Bertan, «independentzia» leloa irakurri daiteke.

Horrela, urria arte txoko ugaritako jaien harira honako deialdia egin zuten gazteek: «jantzi zapia eta ekin diezaiogun independentziaren aldeko borrokari». Esan bezala, ekimena Euskal Herriko bost herrialdetako jaietara zabalduko da eta abiapuntua aurreko asteartean Iruñeko sanferminetan egindako gazte egunean izan zuen.

Gerora, ekitaldiek eta mobilizazioek Gasteizko, Baionako, Donostiako eta Bilboko jaiak zipriztinduko dituzte. Bizkaiko hiriburuaren kasuan, bigarren urtez jarraian, gazte eguna antolatuko dute abuztuaren 21ean.

Hala ere, udako egitasmoak Galdakaon izango du ekitaldi nagusia irailaren 13an. Ondoren, mobilizazioak Egiako Porrontxoetara eta Durangoko Fausto Deunaren jaiak arte egingo dituzte. B.Z

SANTURTZI

«Bildu, erabaki eta independentzia irabazi» kanpaina uda osoan zabalduko da. Horren lekukoa, bihar bertan Santurtziko Karmengo jaietan egingo dituzten ekimen eta mobilizazioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo