GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen merkatu balioaz hausnarketa, UEU-ko udako ikastaroetan

Euskara eta merkatua binomio «bitxia» da; orain artean, bederen, bata eta bestea nahiko bereizirik joan baitira. UEUko ikastaroetan, baina, baturik aztertzen dituzte; izan ere, honakoa galdetzen dute: «Euskarak bizirik iraun dezan nahikoa izango ote da militantzia bakarrik?». Euskara merkatu produktu gisa aztertzea oinarrizko jo dute.

Maider EIZMENDI

Orain artean izandako ikuspegia aldatzea, edota, behinik behin, zalantzan jarri eta hausnartzea. Horixe da UEUren Udako Ikastaroetan atzo eta gaur egiten ari diren Euskararen Merkatu balioa ikastaroaren xedea. «Izen deigarriko» ikastaroaren arduradun Jon Goikoetxeak azaldu zuenez, euskara euskalgintzaren ikuspegitik aztertu dute, «bere gizarte baldintzak zailak izan direlako, bere biziraupenerako arriskuak handiak izan direlako eta gaur egun ere badirelako», baina euskararen potentzialtasunak ez dira kontuan hartu orain artean. «Euskaraz dauden enpresa eta zerbitzu urriek ere oso gutxi begiratu diote euskararen merkatu balioari», zehaztu du, eta zera azaldu: «Euskara defendatzeko betebeharraren logika erabili izan da, eta ez hautaketa eta gizarte tendentzia berrien bilakaera». Hala eta guztiz ere, ziklo aldaketa baten atarian gaudela uste du soziologoak, eta honakoa galdegiten du: «Euskararen biziraupena bermatzeko nahikoa izango al da militantziaren ereduarekin?». Goikoetxearen esanetan, euskara sustatzeko estrategiak garatzean bestelako ikuspegiak ere hartu behar dira kontuan. «Euskalgintzan ari den jendearentzat erabat arrotza da euskara eta merkatu hitzak nahastea, baina jardunaldion bidez ekarpen bat egin nahi dugu horren inguruan».

Merkatuaren garrantziaz mintzo da Goikoetxea: «Merkatua da edozein marka, zerbitzu, enpresa... hedatzeko modurik azkarrena; eta, nahi edo ez, enpirikoki ezeztatu ezinezko zerbait da merkatua gizartearen egitura baldintzatzen duen makroestruktura hori dela. Horretaz gain, euskara merkatutik kanpoko gotorlekuetan egon daiteke? Nire ustez, ez».

Katalanak, esaterako, eremu komertzialean sartzeko erraztasun handiagoa duela adierazi du. «Norbaitek esango du katalana gehiago erabiltzen dela Kataluinian, euskara Euskal Herrian baino, baina nik ez dut uste hori denik arazoa; katalanak duen irudia eta euskarak duen irudia baizik. Katalanaren `marka' ezberdina da», azaldu du.

Euskara marka gisa saldu behar da edota euskara baliabide da saltzeko? «Euskararen alde egiteko bi bide dira zilegiak: batetik, euskara erabiltzea marketina eta publizitatea sortzeko, edozein produktu eta zerbitzu komunikatzeko...; eta bestetik, euskararekin marketina egitea, euskararen ezaugarriak lantzea eta koktel marka hori euskarekin egitea». Goikoetxeak dio, zoritxarrez, euskarak saltzeko bide horretan oraindik ere leku sinbolikoa duela, ez beharbada herri txiki batean edota euskararen presentzia bermatua dagoen lekuetan, baina bai, adibidez, Bilbo gisako inguru batean. Horri buelta ematea denboraren baitan dagoela dio, baina baita euskara beste modu batean saltzearen baitan ere. «Norbaitek galde dezake: `Euskara saldu behar dugu? Zein da horren prezioa?'». Galdera horri erantzuteko-edo metafora bat baliatzen du: «Faustoren metaforaren arabera, zerbait merkaturatzen denean, nolabaiteko banalizazio ere gertatzen da. Euskara beti ikusi da kultur baliabide moduan, gure nortasun kolektiboaren ikur moduan; merkaturatzearen eta marka egituratzearen prezioa zein da? Hori galdetzen duenari beste honako galdera hau egingo nioke: Nahi duguna zer da euskaraz ahalik eta erabilera esparru gehienetan hitz egitea edota guk nahi dugun unibertsoa euskararen bitartez bideratzea? Hedapena nahi badugu, merkatuaren ikuspegia ere aztertu beharko dugu halabeharrez».

Goikoetxeak aipatutako marketina eta horrek eskaintzen dituen baliabideak hizketagai izan zituen atzo EITB komunikazio taldeko Manu Castillak. Euskararen inguruko elkarte, komunikabide eta euskaltegiek euren zerbitzuak modu eraginkorrean saltzearen garrantzia nabarmendu zuen. Horretarako, zer da premiazkoa? Lehenik eta behin, behintzat, merkatua ezagutzea. «Merkatu azterketa egin behar da, egin ezean jendeak zer nahi duen ezin daiteke jakin», esan zuen. Behin hori ikusita eta estrategia zehaztuta, hainbat baliabide ditu eskura «marka» saldu nahi duenak. «Ezin da inor ere baztertu; egia da batzuek publizitatea egiteko lan handiago izaten dutela, baina aldean, zuzeneko harremanak garatzeko erraztasuna dute», azaldu zuen.

Produktua saltzeko unean, poztasunak bai, baina porrot galantak ere izan ohi dira. Hala eta guztiz ere, atsekabeak atsekabe, ikastaroan parte hartzen ari zen pertsonetako bati honakoa galdegin zion: «Ez baduzu komunikazioan inbertsio bat egiten, zer egingo duzu?». Izan ere, adi-adi entzuten aritu zirenen artean orotariko lanbideetako lagunak zeuden: udal bateko Euskara zerbitzuan lan egiten duena, euskaltegiko langilea, elkarte bateko arduraduna... Gehientsuenek euskararen erabilera handitu eta sustatzeko estrategia bila jo zuten Eibarko Markeskoa jauregira. Bertan bideak bai, aukerak ere bai, baina Castillak ongi asko azaldu zuen: «Produktu bat saltzeko egiten den estrategia saltzaileak bakarrik egin dezake, berak erabaki behar baitu saldu nahi duena eta nola». Produktua kasu askotan finkatuta zegoen: euskara. Nola, berriz, ikastaroaren ostean finkatu beharko dute parte-hartzaileek, atzo eta gaur eskainiko dizkieten errezetak kontuan hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo