Lehenengo musuak
«Harry Potter eta Fenixaren Ordena»
Kontratatu berria duten David Yates telebista errealizadoreak Harry Potter zikloko eleberri luzeena film laburrena bihurtzeko ausarkeria izan du, eta hala ere bi ordu baino gehiagoko iraupena du.
M. I. | DONOSTIA
Behin Harry Potter sagako hiru izar gorenek bi film gehiagotan lan egin eta horrela J.K. Rowling milioiz okituaren zazpi liburuen zine-egokitzapenetan parte hartzeko kontratua sinatuta, pozik azaldu dira bosgarren film honetan egindako lanarekin. 18 urte betetzear dituela, Daniel Radcliffe-k estreinakoz jokatuko du azti mutilaren ahoan musuak azalduko dituen agerraldia, fikzioan adina 15 urte jaitsi dioten arren nerabe izateari ez diezaion utz. Antzezlearen esanetan, «Harry Potter eta Fenixaren Ordena» filmak irakurketa politikoa du, Hogwarts magia eskolako errektoreak begien bistakoak diren konspirazioak ukatzeak bere etsai nagusia den Lord Voldemort-ek bere jarraitasuna mehatxupean jartzea eragingo baitu. Hain pertsonaia gaiztoa hezurmamitzen duen Ralph Fiennes antzezleak serieagatik erakutsi zuen interes eskasaren kariaz, aurpegia mozorro batez estalita eta sudurrik gabe azaltzen da. Bi aztien arteko borroka da orain arte nahitaezkoa zen «quidditch» partidarik ez duen filmaren erakarpen gorena. David Yates zuzendari berriaren jarraitasuna ez dago film honen arrakastaren menpe, hurrengo emanaldia izango den «Harry Potter eta Printzearen misterioa» prestatzen ari baita dagoeneko.
Jatorrizko izenburua: «Harry Potter and the Order of the Phoenix».
Zuzendaria: David Yates.
Gidoia: Michael Godenberg, J.K. Rowling-en liburuan oinarrituta.
Antzezleak: Daniel Radcliffe, Emma Watson, Rupert Grint, Ralph Fiennes, Helena Bonham Carter.
Herrialdea: AEB-Inglaterra, 2007.
Iraupena: 138 minutu.
Generoa: fantasiazkoa.