KRONIKA IMMIGRACIOA ETA GLOBALIZAZIOA
«Kulturaniztasuna baino areago helburua kulturartekotasuna da»
Gero eta premiagoko bilakatzen ari da etorkinen integrazioaz hausnartzea, gero eta gehiago baitira euren herria utzi eta gure artean bizi direnak. Gurutz Jauregik integraziorako oinarrizkoak diren puntuak zehaztu ditu, eta bide horretan «partikularrak eta unibertsalak» uztartzea ezinbesteko jo du.
Maider EIZMENDI
Immigrazioa eta lege kontuak ahotan hartuta aritu dira azken egunetan hainbat aditu Miramar Jauregian egiten ari diren UPV-EHUko udako ikastaroetan. Azken saioan, berriz, immigrazioaren bestelako alderdiak ere hizpide izan zituzten; batez ere, integrazio kontuei dagozkienak. Azken hizlarietakoa izan zen Gurutz Jauregi irakaslea. Gogora ekarri zuenez, immigrazioa azken urteetan ugaritzen eta handitzen ari den fenomenoa da. Irakaslearen esanetan, komunikazioen globalizazioaren eraginez, gizakiek orain arte irisgaitzak ziren lekuekin amestu dezakete. «Ofizialki estatu batekoak izaten jarraitzen dugu, baina pertsonen ametsak munduko edozein lekutan daude gero eta gehiago», adierazi zuen. Honakoa gehitu zuen: «Batzuek amets horiek bete ditzakegu, garatutako herrietan bizi garenok; beste batzuek euren ametsak betetzearen truk bizia galtzen dute, eta adibide dira, alde horretatik, Afrikako kostaldetik ontzi txikietan abiatzen diren etorkinak».
«Pertsonok gero eta gutxiago pentsatzen dugu bizi garen lurralde eremuan, eta izaera globaleko eremuan jartzen dugu burua», adierazi zuen.
«Orain urte gutxira arte, etorkinen helburu bakarra lanpostu bat eskuratu eta harrera herrietan bizi-baldintza onak lortzea zen. Gaur egun, helburu horri beste bat gehitu zaio: identitate zeinuak mantentzea; bere kulturak, bere erlijioa, bere ohiturak mantentzea, alegia. Bai eta mantentze horren gestioa ere; hau da, ohitura propioak moldatzea egoera berrira», azaldu zuen. Beraz, haren esanetan, eskaerak ez dira jada eskubide sozialak, baizik eta eskubide kulturalak ere. Horiek hala, immigrazioak eragindako aldaketek ez dute eremu politikoan soilik eragiten, beste arlo batzuetan ere eragina dute: gizartean, kulturan... Jauregiren esanetan, horrek guztiak krisi sakona eragin du orain arten ulertzen zen estatu kontzeptuan. «Ezin baita pentsatu jada nazioan oinarritutako estatu homogeneoan», azaldu zuen. Fikzioa da, jada.
Era berean, hautsi egin dituzte gizarte antolaketa gidatu duten tradizio filosofikoen hegemonia; hau da, liberalismoaren eta komunitarismoaren adarrik tradizionalenak, Jauregik aditzera eman zuenez. «Gero eta beharrezkoagoa da gizarte zibilaren kontzeptu berri bat zehaztea, demokratikoki indartsua eta parte-hartzea bultzatzen duena. Pertsonez ez ezik, hartzaileak diren taldeez osatutako gizarte zibila litzateke hau», azaldu zuen.
Hiritartasun kontzeptua
Kontzeptu hori egikaritzeko, irakaslearen iritziz, oinarrizkoa da hiritartasunaren kontzeptu berri bat garatzea. «Horregatik, nazio-estatuetan oinarri hartutako kultura homogeneizazio eredu klasikoaren aurrean, aniztasun kulturalean oinarritutako eredu batean pentsatu behar da. Identitateen eraikuntza orain artean arlo pribatuan mantendu diren elementuetan oinarrituko da, elemendu etnikoak, linguistikoak...», esan zuen. Hala, haren esanetan, hainbat kolektiboren identitate elementuak «jokatze arau demokratikoen» eremu sinboliko, instituzional eta konpetentziazkoetan barneratu behar dira. «Errealitate kolektiboen errekonozimendu politikak parte hartu beharko du erakundeen printzipioetan, besteren artean», esan zuen. Zehaztasunak aintzat hartu behar badira, unibertsaltasunak ere kontuan hartzekoak dira Jauregiren iritziz: «Nire taldearen eta identitatearen presentziak beste talde eta identitate baten presentzia eskatzen du». Espazio globala, beraz, oinarrizko jotzen du «desberdintasunak, desberdintasun gisa eraikitzeko». «Ez da demokraziarik izango gehiengoaren iritzia errespetatzen ez bada, baina ez da izango gutxiengoak errespetatzen ez badira», esan zuen. Unibertsaltasunaren eta zehaztasunaren arteko erdibidean dagoena bilatu behar da. Nola egin hori?
Komunitate batean bizi diren kolektiboen arteko harremanak modu askotan antola daitezke. Jauregik hiru bereizi zituen: Estatu Batuetan indarren jarri zena eta «asimilazioa» helburu zuena; Ortzadar deitzen dutena eta talde ezberdinak bata bestearen ondoan jarri bai baina nahasketa ezagutzen ez duena; eta azkenik, «mosaiko» gisa definitu zuen eredua. «Hau da, kultura eta forma ezberdinak hartzen ditu, baina guztiak unitate baten, marko baten, barnean sartzen dira», esan zuen. Eta horixe da, hain zuzen, Jauregiren apustua, haren esanetan, xedeak hau izan behar baitu: kulturaniztasuna baino areago, kulturartekotasuna, landu eta bultzatzea.