«Bideoak dantzarekin harreman ederra izaten du, giro liluragarria sor dezake»
ertza dantza taldeko zuzendari, dantzari eta koreografoa
Ezkion orain hogeita hamabost urte jaioa, 1994tik aurrera hainbat taldetan hartu du parte dantzari gisa, horien artean Suitzako Alias konpainian. Orain hiru urte sortu zuen Ertza dantza garaikide taldearekin lau obra aurkeztu ditu dantzari zein koreografo gisa eta, gaur, Donostiako Nazioarteko Antzerki Ferian estreinatuko du bosgarrena, «Ostrukaren zuloa-El agujero del avestruz» bakarkako lana.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Dantzari eta koreografo lanak, biak bete ditu Asier Zabaleta gipuzkoarrak «Ostrukaren zuloa» obra osatzeko orduan. Eszenografia eta jantziak prestatzea ere bere esku egon da eta, gaur, Donostiako Egia Kultur Etxean (Gazteszena) estreinatuko du 2004. urtean sortu zuen Ertza dantza garaikide taldearekin egindako bosgarren lana. Ezarritako mugetatik haratago joateak gizakiari sorrarazten dion izua izango du mintzagai ezkiotarrak bakarkako koreografia honetan.
«Ostrukaren zuloa» lanean dantzari bakarlari izateaz gainera, koreografia, jantzien hautaketa eta eszenografia ere zure kontu egon dira. Zenbat denbora eman dizue obra osatzeak?
Agertokian bakarrik banago ere, obra honetan jende askok parte hartu du. Adibidez, bideoak garrantzi handia hartu du eta hau Iker Urteagak, Kepa Ugartek eta Carlos Sarasolak egin dute, eta jatorrizko musika ere Borja Ramosek egin du. Obra nahiko korapilatsua izan da. Izan ere, sortzaile bakoitzak besteek egindako lanaren arabera egin nahi zuen bere ekarpena eta, jakina, batak besteari bultzaka (zentzu onean, hori bai) aritu gara etengabe. Prozesuaren hasieran jorratu nahi nuen gaia mamitu ondoren, agerraldi zehatz batzuk irudikatu nituen neure buruan eta, ondoren, agerraldi hauetariko bakoitzaren prozesua ezberdina izan da. Adibidez, batzuetan koreografiatik abiatu gara, beste batzuetan bideotik eta besteetan musikatik.
Lanean, ezarritako mugak zeharkatzeak sortzen duen barne-egoera islatu duzue. Zein da helarazi nahi duzuen mezua?
Lan honetan, aurrekoetan egin nuen bezala, ez dut mezu jakinik helarazi edo inongo egia absoluturik eskaini nahi izan. Batetik, ez naizelako inongo egiaren jabe eta, bestetik, ez naizelako inor beste inori ezer erakusteko. Gustatzen zaidana, eta benetan saiatzen naizena, lan prozesuan zehar nik gaiaren gainean egindako hausnarketa guztia ikusleekin partekatzea izaten da eta nik neure buruari egin dizkiodan galdera guztiak ikusleak berak bere buruari egin diezazkion. Inongo erantzunik bilatu gabe. Kasu honetan, beldurra hartu dut gaitzat eta lehenik eta behin neure burua ikertuz eta, ondoren, gizarte mailan ere beldurrak zer eragin duen aztertuz saiatu naiz gaia mamitzen.
Ertza taldeak dantza garaikidea eta artearen arlo ezberdinak uztartzeko apustua egina du. Alde horretatik, argiztapenak eta bideo-sorkuntzak pisu handia dute obra honetan.
Bideoak aukera mugagabeak eskeintzen dizkigu ikuskizun mailan. Batetik, aproposa da ikusleak istant batean nahi dugun tokian kokatzeko eta, bestetik, nahi dugun erara jorra dezakegu irudia guk errealitatean egin ezin ditzakegun hainbat gauza espazio eta denbora jakin batean egin ahal izateko. Bai estetikoki nahiz koreografikoki, bideoak dantzarekin harreman ederra sortzen duela iruditzen zait eta, agertokiko argiztapenarekin landuz gero, giro liluragarriak sor ditzake.
Horiez gainera, zer aurkituko du ikusleak agertoki gainean?
Lan honetan bereziki dantza garaikidea, bideoa, testuak eta musika uztartuko dira behinik behin, baina badira beste sorpresa ugari ere oraindik esan ezin daitezkeenak. Horiek zuzenean ikusi beharko dira, bestela xarma guztia kenduko diegu...
Obra Donostiako Nazioarteko Antzerki Ferian estreinatuko duzue. Zer garrantzi dute halako jaialdi profesionalek, batez ere programatzaileei begira?
Feria bat bereziki salerosketa gune bat da eta, ondorioz, lan asko ikusteko aukera izateaz gainera lan horiek saltzeko edo erosteko gune aproposa da. Euskal Herriko nahiz kanpoko programatzaile ugari biltzen da egun hauetan hemen eta aukera asko zabaltzen dira gure lanen etorkizunerako.
Donostiako estreinaldiaren ostean, non ikusi ahal izango da «Ostrukaren zuloa»?
Oraingoz ez dugu beste datarik. Guri oraindik oso zaila egiten zaigu estreinatu aurretik emanaldiak lortzea, jendeak ez baitu oraindik lana ikusi eta guk ere ez baitugu oraindik itxurazko bideorik beste festibaletara bidaltzeko. Normalean, estreinaldiaren ondoren jartzen da dena martxan eta emanaldi kopuru handiena hurrengo urterako antolatzen da. Aurten «Look» lanarekin egin dugun bezala.
«Ostrukaren Zuloa» estreinatu ostean, azaroan «EGO-tik» lana eramango duzue Errusiara. Zergatik hautatu duzue obra hau eta nondik sortu da Moskuko emanaldiaren ekimena?
Egia esan, ez dugu guk hautatu «EGO-tik» lanarekin joatea. Bertako programatzailearen aukeraketa izan da. Joan zen urtean Madrilen izan nintzen bakarlan honekin, Instituto Cervantes-ek antolatutako beste feria batean, eta han zeuden hainbat programatzailek eskatu zuten «EGO-tik» beren jaialdietarako; eta horrela, aurten, Luxenburgon, Lituanian, Txinan eta Filipinetan dantzatzeko aukera izan dut.
Obra honetan ere beldurrak, ahuleziak eta lotsak dituzue mintzagai. Gizakiak barnean gordetzen duena miatzea atsegin duzuela dirudi...
Bai, zalantzarik gabe. Niri, film bat, antzerki obra nahiz dantza saio batean edo liburu bat irakurtzean gizabanakoaren kontraesanak aztertzen dituztenak gustatzen zaizkit bereziki; eta zentzu horretan dantza edo gorputzaren erabilera aldarrikatu nahi nituzke ideiak transmititzeko lanabes bezala. Askotan dantzarekin azalean geratzen garela iruditzen zait, beti zerbait ederra, dotorea eta «bertutetsua» azaldu nahian.
A. A.
«Ostrukaren zuloa - El agujero del avestruz»: Gaur, 18.00etan Egia Kultur Etxean (Gazteszena). 10 euro.
Donostiako XIII. Antzerki Feria: Antzerki jaialdi profesionala. Igandera bitartean Donostiako antzoki ezberdinetan. Informazioa eta egitaraua: <www.antzerki.com>.