GARA > Idatzia > Gaurkoa

Ez dut gogorik

Su-etena amaitu zenetik idazten dudan lehenengo artikulua da hauxe. Berriz biziko ez nuen momentua izango zela uste izan dut aspaldian. Egunak joanda, beharrezko hoztasunarekin idatzi nahi dut jarraian dagoena, bihotzez eta nire kolore politikoa alde batera utzi nahian.

Halako itxaropena, nolako etsipena. Oraingoan ere kale egin dugu. Bake eta normalizazio aukerak ihes egin digu eskuetatik. Ardurak, erantzukizunak eta erruak banatzeko garaia omen da. Zertarako, baina? Ezertan lagunduko du horrek? Ez dut uste. Gure kontzientziak lasaitzeko esfortzuan baliagarria suertatzen baldin bazaio norbaiti, ekin diezaiola ariketari, halere, egoerak bere horretan jarraituko du errudunak hatz puntaz ukituta ere. Nik, behintzat, ez dut batere gogorik. Antzua izateaz gain, alferrikakoa baita.

Euskaldunen arteko harresia gehiago indartzeko gogorik ez dut. Hemen bizi garenon artean ez dut banaketa gehiagorik nahi. Bakea denon onerako izanik, demokrata eta ez demokraten arteko desberdintasunak berpiztu nahi dituztenak herri honen barne lehia sustatu nahian dabiltza, lehia horrek Batasuneko kideak alboratu beharreko elementu sozialak balira bezala tratatuz, eta ondorioz, jendartetik at utziz. Eskubide zibilik gabe, errealitate politiko-sozialetik alboratuak, borroka armatu antzuaren sostengatzaile diren aitzakiaz herri honen eraketan ezinbesteko elementua den zati sozial garrantzitsu bat ezabatu nahi dute.

Euskaldunen arteko barne lehiak beste aldagai baten beharra ere badu euskaldunen errealitatea erabat desitxuratzeko: abertzaleen arteko borroka. Elkarlanik gabe, gutxieneko batasunik gabe, gure ametsarenak egin du. Izan izango gara, betiere gure mugetatik kanpo, Madrilen zein Bruselan, hala nahi badute bederen. Beren borondatepean geratuko gara, egunen batean Kanariar uharteetako guantxeak bagina bezalaxe museoren batean gure existentzia zenaren berri emango duten arte. Asko daukagu denek elkarri leporatzeko. Zerrenda amaigabea ziurrenik. Hilketak, torturak, jazarpenak, presioak, borrokak, mehatxuak, ezinikusiak, ardurak, erruak... dira abertzaleen arteko elkar bizitza osatzen duten terminoetako batzuk.

Espainiar Gobernuko ordezkariekin herri honen etorkizuna negoziatzen denik ez nuke berriz entzun nahi. Zenbatetan erori behar dugu zulo berean? Sozialistak, popularrak zein komunistak. Zein da aldea? Ordezkari politikoak herrien ordezkariak dira, bertako seme-alabak, eta ondorioz, ezin eska diezaiekegu politikari espainiarrei Espainiako populuak bizi izan ez duen heldutasun demokratiko eta politikoa izan dezaten. Ez gaitezen gehiago engainatu, autodeterminazio eskubidearen ukatzailea ez da parean tokatzen zaigun gizon edo emakumea. Espainiar herria da oraindik ere gure eskubideak onartu nahi ez dituena, bere nazioa arriskuan ikusten baitu. Ingalaterrako kontserbadoreak espainiarrak baino azkarragoak direla uste al du baten batek? Ezta gutxiagorik ere. Hangoak espainiarrak bezalaxe ziren orain dela hogei urte. Berdin-berdinak. Aldea beste bat da: hango kontserbadoreak jendarte ingelesean daude txertatuak, non balore sozial eta politiko desberdinak asumituak izateaz gain, orokortu egin dira eta gehiengoagatik onartuak. Besteak beste, herrien erabakitzeko eskubidea. Fenomeno soziologiko berdina gertatuko da egunen batean Espainian. Zalantzarik ez. Gu ezin gara, halere, horren zain egon. Ibilbide propioa egin behar dugu, abertzaleen elkarlanaz eta indarrez. Zain egoteko gogorik ez dut.

Ezin dut artikulu hau ETAren aipamenik egin gabe bukatu. Batasunarekin bide komuna egiteko prest nagoela jakina da. Independentzia bidean, eraketa nazionalean sinesten duen alderdi politiko ororekin bezalaxe. Aralar, EAJ edo Batasuna izan. Nazio Eztabaidaguneak eta Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoak Batasunarekin sakoneko elkarlan bat egiteko aukera eman dit. Egindakoa errepikatuko nuke, zalantzarik gabe. ETA da nire senak ulertu eta onartu ezin dezakeen elementua. Bere garaipen politikoa lortua du ETAk. Publiko egin diren dokumentuek diotenez nazioarteko bitartekaritzaren inplikazioa lortu da Gobernuaren eta ETAren arteko mahaian. Ez al da hori arazo politiko baten onarpen zuzena? Are eta gehiago, ez al da nazioartean arazoaren existentziaren onarpena? Zein da orduan garaipenaren jomuga? Ezin du negoziazio politikoan lorpenen jokoan sartu, izan ere euskal gizarte abertzalearen gehiengoak ez baitu bertan lorturikoa onartuko. Hori jakinik, ametsa lortuta ere, zein da ETAren helburua indar armatuaren ber-aktibazioarekin? Nazioartean onartu dute eragile politiko legez. Lorpen horren arestian, politikari eman behar zaio aukera. Tentsionamendua, hilketak, atxilotuak, torturatuak, fronteak, blokeak... errealitate hori berriz ikusteko gogorik ez dut.

Aztoramendu txikia probokatzen dute itsasora botatako harri koxkorrek. Bihar, Nazio Eztabaidagunearen mintegi berezia dugu egoera aztertu eta erabakiak hartzeko. Ezin dugu gure etorkizuna beste batzuen esku utzi, gure eskuetan hartu behar dugu. Jende desberdina bilduko gara, batzen gaituzten elementuak banatzen gaituztenak baino gehiago indartuz. Denek lortu nahi dugu herri honen independentzia, eta bertako denek sakondu nahi dugu abertzaleen arteko elkarlana. Nik, behintzat, ez dut etsipenean erortzeko gogorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo