GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lekeitioko ezker abertzaleko hautetsiak mehatxatzen dituen orria banatu du EAJk

Etxez etxe eta postontziz postontzi ekin dio Lekeitioko EAJk hauteskunde osteko kanpainari. Baina ez da nola halakoa: EAE-ANVko hautetsiak eta indar ekintzaileari bozak eman dizkieten herritarrak «nazitzat» jotzen dituzte eta euren aurkako mehatxuak jaurtitzen dituzte.

p013_f02.jpg

GARA |

Lekeitioko EAJk herriko EAE-ANVko hautetsiak eta joan den maiatzaren 27an alderdi ekintzaleari bozkatu zioten 1.560 herritarrak mehatxatzeari ekin dio, orain astebete abian jarri duen kanpaina batean. Udalerriko EAE-ANVko bost hautetsiren izen eta abizenak jartzen dituen orriak banatu ditu alderdi jeltzaleak Lekeition, etxez etxe. Inolako sinadurarik izan ez arren, pluralean hitz egiten du EAJren gainean, eta ezker abertzaleko hautetsiei eta euren bozkatzaileei «naziak» izatea egozten die alderdi jeltzaleak.

Orain astebete hasi ziren agertzen Lekeitiko etxe guztietan, EAE-ANVko hautetsien eta beren bozkatzaileen aurka egiten duten mehatxuz beteriko orriak. Orriaren goiburuan honela azaltzen da: «1.511 konplize, erantzule». Nahiz eta datu okerrak erabili, (lege espainolen arabera legez kanporatu zuten EAE-ANV eta 1.560 boz jaso zituen joan den maiatzaren 27an, eta ez 1.511), alderdi jeltzaleak zuzenean indar ekintzaileari boza eman zieten herritarren aurka egiten du. Eta zehazki, joan den ekainaren 16an Udalaren osaketa egunean izandako liskarren harira ekiten du EAJk.

«Azken hilabeteotan, ezker abertzaleko jendeak mehatxu egin, jazarri eta eraso egin die EAJ-PNVko hautagaiei. Guri eta gure senideei, aitei, amei, baita gure seme-alabei ere». Horrela hasten da egunotan Lekeitioko etxe guztietan EAJko kideek banatu duten eskuorri politikoa. Are gehiago, «heriotza mehatxuak» egitea egozten die alderdi jeltzaleak ezker abertzaleko lagunei. Eta behin hori esanik, zuzenean joan den ekainaren 16an, Udalak osatzeko egunean, izandako «ikuskizuna» hartzen dute hizpide.

EAJ: «Ekintza naziak»

Joan den maiatzaren 27ko hauteskundeetan, EAJk 1.981 boz eskuratu zituen, EAE-ANVk 1.560, EAk 826, EB-Aralarrek 124 eta PPk zein PSOEk 52 bakoitzak.

Hala, joan den ekainaren 16ean, beste hainbat udalerritan egin ez bezala, EAJko eta EAko hautetsiek euren karguak hartu eta Udala osatu zuten. Alderdien Lege espainolaren araberako hautetsiak hartu ez zituzten arren, EAJk 6 kargu hartu zituen eta EAk 3, EAE-ANV udal berrian txertatzea ekidin zuten. Aipatutako egunean, ezker abertzaleko kideei «demokrazia zero» leloekin protestak egin zituzten.

Hala, alderdi jeltzaleak ondokoa salatu du etxez etxe banatu dituen orrietan: «EAJ-PNVko zinegotziak iraindu eta jazarri zituzten, gure afiliatuei eta gure alde azaldu ziren pertsonei eraso egin zieten fisikoki(...)».

Eta jarraian ondoko galdera egiten dute jeltzaleek, segidan eurek erantzuten dutena: «Eta nortzuk dira jokabide mafioso horien guztien erantzuleak? Nork diseinatzen eta agintzen ditu ekintza nazi horiek guztiak?». Behin itaun hauek egin eta gero, erantzuna ere modu berean ematen du EAJk: «Maria Eugenia Goitia, Zigor Txopitea, Aritz Olabarriaga, Iñaki Gezuraga eta Olaia Goikoetxea», EAE-ANVko hautetsiak.

«1.511 erantzule»

EAJren eskuorria, Udala osatzeko egunean jazotakoaren karietara dator, eta bertan EAE-ANVren bozkatzaileak ere «zuzeneko erantzuleak» direla salatzen dute jeltzaleek. Are gehiago, «nazi» gisa izendatzen dituzte.

Bertolt Brecht

Jeltzaleek, Bertold Brecht idazlearen ondoko esaldia jasotzen dute Lekeition EAE-ANVren aurka zabaldu duten orrian: «Ez dakiena ergel hutsa da. Jakin arren isildu egiten dena kriminal bat da».

Alderdi ekintzailearen bozkatzaileak ere «zuzeneko erantzuleak»

Datu okerrak erabili arren, EAJk 1.560 lekeitiarri «nazi» deitu die udalerrian asteotan banatu dituen orrietan. Are gehiago, EAE-ANVko bozkatzaileak «gertatzen ari denaren zuzeneko erantzuleak» direla dio EAJk.

«Kasu batzuetan, zuzen-zuzenean erasotzen digutenak direlako; beste batzuetan, isildu egiten direlako eta gauza horiek euren izenean gertatzea onartzen dutelako. (...) Marra gainditu da honezkero, eta justifikazio horiek ez dute balio», gaineratzen du jeltzaleen esku-paperak.

Baina ez da hori soilik gelditzen. Ondotik, gogora ekartzen du nola naziek «6 milioi pertsona hil zituztenean, alemanek esan zuten haiek `ez zirela ezertaz ohartu'. 1.511 lekeitiar horiek bezala». Segidan, gerta daitekeenaren erantzule zuzentzat jotzen ditu EAJk alderdi ekintzailearen bozkatzaileak, eta horrela amaitzen dute jeltzaleek banatu duten mehatxu-orria: «Gure herriaren suntsipenaren zuzeneko erantzuleak, eta gure zinegotzi eta afiliatuei gertatzen zaienaren edo gerta dakiekeenaren zuzeneko erantzuleak». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo