GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Une larriak talde gizonentzat

Gaizka LASA

(Karpin-Galicia)

Atzo azken kilometroetan hilera luze hartako azken txirrindularien azalean ez nuke egon nahi. A zer sufrimendua aurrekoarekiko tarterik ez galtzeko. Baina norbaiten azalean egotea atzo bereziki zaila eta delikatua izan bazen, Astana taldeko langileen azalean zen gehiago. Lehenengo talde buruetako baten erorikoa. Denak laster jakingo zuten pinganillo-ari esker zer gertatu zen, eta zuzendariaren agindua iritsi arte pasa ziren segundo apur horietan tensioa eta urduritasuna nabarituko zuten. Gehienak lasaitu txiki bat hartuko zuten; izan ere, Savoldelli eta Navarro bakarrik geratu ziren zain, eta gainontzekoak euren lasterketarekin jarraitu zuten. Handik gutxira ordea beste eroriko batean talde burua ez ezik, taldeko ia nagusi Vinokurov ere atera zen kaltetuta. Hura jakin zutenean, taldekideak berehala ulertu zuten handik aurreko kilometroak sufrimendu hutsa izango zirela. Lasterketa helmugaren gertutasunak ematen duen bizi puntu horrekin eta ibilbide goraberatsuan. Atzera bueltarik gabe, gero eta azkarrago. Seguru aski norberarentzat lan egiten denean baino presio handiagoa izango zuten gainera. Urte osoan buruan Tourra besterik izan ez duen txirrindulariak bere lasterketa arriskuan zuela bazekiten. Horrekin batera, zuzendariaren urduritasunean nabarituko zuten taldearen helburu nagusia ere jokoan zegoela. Eta kilometro erabakigarri haietan neurria ematea ezinbestekoa zuten. Erantzunkizuna sentituko zuten, hanketako min galantaz gain. `Ez noa batere sobrarekin, baina hemen dena utzi beharra dago', pentsatuko zuten. `Horretarako ekarri naute, eta ez al dut orain maila emango?'. Kontua da presioagatik edo esfortzu itoarengatik, denak, banan-banan, lehertu egin zirela. Eta hantxe ikusi genuen Vinokurov bakarrik helmugaratzen. Hotelean ez zen seguru aski broma handirik izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo