Mairuaren Alardea, Antzuolako jaietako ekitaldirik aipagarriena
Hasiak dira 2007ko Antzuolako jai nagusiak. Kanpai eta suziri artean jaietarako deia kalejira baten bidez zabaldu ostean, antzuolarrak festa giroan sartu ziren atzo. Lehen egunean, kantu-afaria eta Hontzaren Jaitsiera izan ziren ekitaldirik arrakastatsuenak. Hala ere, urtero bezala, zapatuko Mairuaren Alardeak piztuko du ikusmin handien. Antzuolarrek antzina Abd al-Rahman III.aren tropei irabazitako bataila gogorarazten du historiaz jositako ekitaldiak.
Jokin BEREZIARTUA |
Atzotik hasi eta igandera arte, Antzuolan jai giroa izango da nagusi. Aurtengo egitarauak adin guztiei zuzendutako hamaika ekitaldi eskaintzen du. Jolasak, feriak, kontzertuak, herri bazkariak eta herri kirolak aurki daitezke, beste ekitaldi batzuen artean, aurtengo jaien programan. Aspertzeko unerik ez, beraz.
Atzo, jaietako egun guztietan bezalaxe, ez zen umeei zuzendutako jarduerarik falta izan. Goizeko hamar eta erdietan, udaleku irekietako begiraleekin jolasak egin zituzten, eta geroago, eguerdiko bietan, herriko plazan guztiek bapo-bapo bazkaldu zuten. Beste alde batetik, gazteek jaietan beren topaleku nagusi izango diren txosnak ireki zituzten, eta gauean Ipar Irlandako talde baten kontzertua izan zen Zurrategi plazan; Terry O´Nellyrena, hain zuzen ere. Bestalde, Gimnasia Erritmikoko eta Antzuola Kirol Elkarteko kirolariek Hontzaren Jaitsiera egin zuten, «gau iluneko erregeak bere begiradarekin» antzuolarrak zain ditzan. Helduek, ordea, Herriko Plazan afaldu ostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldearekin euskal kantekin gozatzeko aukera izan zuten.
Memento nagusia
Nolanahi ere, jaietako memento nagusia uztailaren 14an gertatuko da, arratsaldeko seietan. Izan ere, jaietako zapatu arratsaldeetan egiten duten Mairuaren Alardea da, ezbairik gabe, Antzuolako Jaietako ekitaldi nagusia. Mairuaren Alardearekin Baldejunkerako -Salinas de Oro eta Muez herrien artean dagoen harana- batailan Antzuolako talde baten borroka gogorarazten dute. Orduko Kordobako kalifari, Abd al-Rahman III.ari hain zuzen, gudua irabazi ziotela irudikatzen duen bandera kentzea omentzen du Antzuolako herriak ekitaldi horretan. Bandera historiko horren kopia bat kaleratzen dute. Horretarako, egitarauren antolatzaileen esanetan, «kolorez beterikoa, originala eta ikusgarria» den desfile bat egiten dute.
Antzuolatarrentzat hain berezia den ekitaldi horren ezaugarri aipagarrienak musika, bandera, kapitainaren hitzaldia eta abesten dituzten bertsoak dira. Desfilearen ondoren eta Antzuolako herriak duen dantza-tradizioaren adierazle, herriko dantzariek Trokeo dantza izeneko dantza egiten dute. Gutxienez bi mende ditu.
Egun handia biharkoa bada ere, badago zer egin gaur eta igandean. Gaurko egitarauan, Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok Zurrategin egingo duten bertso saioa nabarmentzekoa da. Azken egunean, uztailaren 15ean, auto zaharren erakusketa izango da herriko kaleetan barrena.
Amaitzeko, jaiei amaiera emateko, erromeria izango da herriko plazan Unsain anaien eskutik, eta horren ondoren, antolatzaileek adierazi duten moduan, jaietako azken suziriak jaurtiko dituzte. «Baina adiorik ez... laster arte baizik... Hurrengo jaiak gertu ditugu, eta!», adierazi zuten.
Alardean agertzen den bandera Antzuolako ikurrina ere bada. Gaur egun kaleratzen duten bandera 1863an egindako beste bandera batetik ateratako kopia da. Banderako armarrien irudiak 1745eko Arma Zertifikazioarenak dira.
Jaietako antolatzaileek adierazi dutenez, jaietarako lepoko zapiak salgai izango dira herriko tabernetan 1,5 euroren truke. Antolakuntzak Antzuolako jaietan hain ohikoak diren zapiak janzteko deia egin du.