«Balentxi»ri buruzko liburua kalean da, bere heriotzaren lehen urteurrena betetzean
«Euskal apaiz matxinoa, behartsuen hurkoa, preso guztien anaia, Eliza ofizialaren zigorra, drogak jotakoen defendatzailea, zapaltzaileen etsaia... Balentxi, askatasunaren apostolua», deskribatzen du liburuak.
Gari MUJIKA |
«Balentxi, hamalaugarren apostolua» goiburupean kaleratu dute Jose Manuel Balentziaga, Balentxi-ren bizitzaren gaineko liburua. Txalaparta argitaletxeak, Herria 2000 Elizarekin bat, argitara eman duen liburua aurkeztu zuten atzo Donostiako Alde Zaharreko liburutegiko areto nagusian. Handiena izan arren, txiki gelditu zen, hamarka lagun izan baitziren orain urtebete Kontxan igerian ari zela zendu zen lagunaren gaineko liburu aurkezpenera.
Balentxi, apaiza izateaz baino, bizitza osoan, batik bat, behartsuekin, drogak jota egon diren pertsonekin, eta preso politikoekin zein sozialekin lanean aritu izanagatik izan zen aski ezaguna bizi artean. Iaz zendu zen, kasik orain urtebete, Kontxako badian igerian zebilela bihotzekoak jota. Bere bizitzaren gaineko liburua aurkezterakoan makina bat lagun, senitarteko, drogak jota egondako lagunak eta, nola ez, ezker abertzaleko kideak izan ziren.
EHUko irakasle «kaleratua», Herria 2000 Elizako kidea, 18/98 prozeduran auzipetua eta Balentxiren lagun Jexux Mari Zalakainek izenpetzen du aipa liburua. Baina berak azaldu zuen bezala, lan kolektiboa izan da liburua osatzea. Laurogehi bat lagunek hartu omen dute parte osaketa lanetan; horien artean, Markel Ormazabal preso dagoenarentzat aipamen berezia izan zuen.
Egilearen esanetan, eta hastapen lanetan aritu ziren lagunek ezarri zuten helburuari jarraiki, ondorengo belaunaldiek Balentxiren bizitzaren berri izan dezaten osatu dute liburua. «Pertsona zintzoa, leiala eta koherentea zer den jakin nahi badute, liburu hau irakur dezaten ondorengo belaunaldikoek», azaldu zuen Zalakainek.
Euskaltzale porrokatua
Euskara husean osatu duten liburua, ez da soilik pasadizo kontaketa bat. Hil zen egunetik hasi eta atzetik aurrera Balentxiren bizitzaren muina jaso nahi izan dute liburuan. Balio erantsiarekin gainera, 80 lagunen eta ezagunen artean egina baitago.
Zalakainek azaldu bezala, ez da kasualitatea izan euskara hutsean osatu izana. Euskaldun berria izan arren, euskaltzale porrokatua baitzen Donostiako bizilaguna, azken unerarte euskara hobetzeko ariketak egiten aritzen baitzen. Balentxiren euskaltzaletasunaren karietara, ondoko pasartea eman zuen aditzera, gainera, Zalakainek: «Balentxi izan zen lehenengo pertsona Euskal Herrian, epaiketa batera joan eta itzultzaileari uko egin eta euskaraz egin zuen lehen pertsona». Bada Balentxiren izana eta izena ongi asko azaltzen du Txalapartak argitaratu duen liburu horrek.
Balentxi zendu zela-eta urtebete joan denean, larunbatean, hilak 14, omenaldia egingo diote Alde Zaharreko lagunek eta gainerako adiskideek Donostiako Kaiako lehenengo espigoian eguerdiko 13.00etan.