Trapagaranetik abiatuko da Eskola Ibiltariaren bigarren eguna, Galdames atzean utzi eta gero
GARA |
Bizkaiko Ezkerraldeko txokoak aukeratu ditu Ikasle Abertzalak erakundeak 2007ko Eskola Ibiltaria egiteko. Atzo eman zioten hasiera Galdamesen, eta iluntzerako Trapagaranen zeuden ttipi-ttapa hiru egunetan hainbat udalerri igaroko dituzten dozenaka gazteak.
Goizeko hamarretan Bilbotik abiatu zen makina bat gazte hainbat autobusetan Galdemeserako bidean. Euskal Herriko beste hainbat txokotatik ere etorri ziren beste gazte batzuk Bizkaiko udalerrira; guztiak eguerdirako Galdameseko Herriko Plazan zeuden, ongietorri ekitaldia egin eta ibilbideari eusteko.
Bertsolarien azken olerkiak entzun zuten eta Trapagarako bideari ekin zioten gazteek. IAko kideek esan bezala, hasteko orduan ere ez zaie ohiturei muzin egin nahi izan: lehen pausoak emateko, eguzkiak bete-betean jotzen zuen aldapa hautatu dugu».
Meatzarien bizitza ikasten
Bizkaiko udalerria atzean utzi bezain pronto, hainbat sima eta koba topatu zituzten gazteek; baita horiek aztertzen hasi ere.
Izan ere, gazteek ikusitakoa bertako mehatzak ustiatutako paisaia zen. Ibilbidean aurrera egin, gainera, eta meatzen eta meatzarien bizitzaren gainean ikasteko parada izan zuten. Peñas Negras-era iritsitakoan bertako interpretazio zentroan bisita egin baitzuten gazteek; bertan, gainera, meatze-lanen ondorioz sortutako labirinto bat ezagutu zuten. Iluntzean iritsi ziren, azkenean, Trapagaranera.