GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Txintxarri Torneoa

Mailarik goreneko kirolariak izango dira lehian Alegian

Izeta II.a, Irigoien, Ostolatza eta Izeta III.a arituko dira nor baino nor

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Harri-jasotzea maite duenak galdu ezinezko proba izango du bihar, Alegian, Larraitz plazan, lau kirolariren arteko dema izango baita, 18.30ean. Izeta II.a, Izeta III.a, Ostolatza eta Irigoien, harri txikiekin gaur egun dauden lau onenetakoak, lehian izango dira.

125 kiloko harri zilindroa, kubikoa eta bola erabili beharko ditu harri-jasotzaile bakoitzak, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutu izango ditu.

Iaz egin zuten lehen aldiz, eta orduan ere antolatzaileek iragarri zuten aurrera jarraitzeko gogoa zutela, jarraipena eman nahi ziotela lehiaketari, eta aurten ere jokatuko dute. Izeta II.a izan zen iazko onena, eta Irigoien, Ostolatza eta Izeta III.a sailkatu ziren atzetik.

Faboritoak

Azkenaldiko lehiaketa ofizialetan Ostolatzaren eta Irigoienen arteko dema izan da; izan ere, Izeta II.ak txapelketa ofizialetan ez parte hartzeko erabakia hartu baitzuen. Horregatik, biharkoak ikusmin berezia piztu du, hiru handi horiek elkarren aurka pisu bereko hiru harri ezberdinekin ikusteko aukera oso gutxi baitago.

Patxi Jauregi da antolatzaileetako bat, eta haren iritzian, ikuskizuna segurtatuta dago: «Honelako beste txapelketarik ez dago gaur egun. Harri hauekin hauek izango dira onenak, eta laurak daude sasoian. Nik uste dut ikuskizun handia izango dela». Faboritoak aipatzea ez da batere erraza, baina agian iazko irabazlea -Izeta II.a- izan daiteke faborito. Aiarra ongi moldatzen da harri horiekin, eta iaz lortutakoari eustera joango da aurten ere Alegiara.

Zaleek badute Irigoienengan itxaropena ere. Gipuzkoako txapela irabazi berria du, baita Gorostidi Harria lehiaketa ere. Errezildarra sekulako sasoian dago, eta iaz bigarren izan baldin bazen ere, aurten Izeta II.a estutzeko asmoarekin dago.

Bazterrean utzi ezin den bestea Ostolatza da. Zestoarrari azkeneko saioetan gain hartu dio Aimarrek, baina hori ere gogotsu joango da, Izeta III.a joango den bezalaxe.

Hiru harriak berdinak izate horrek ikuskizuna areagotzen du. «Uste dut ez dutela horrelako lehiaketarik beste inon egiten. Horrela jasoaldiak neurtuko dira pisua denek bera baitute. Pisu hauetako harri batzuk ere ez dira gehiegi erabiltzen, eta uste dut kirol hau ulertzen duenarentzat ikuskizun ederra izango dela», adierazi zuen Jauregik, jaialdi horretako antolatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo