GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Mikel Irastortza, Eulate Zilonizaurrekoetxea EHEko kideak

Euskal Herrian erdaraz?

Eztabaida politikoaren erdian, estatuek ezarria duten amaraun juridiko- legalaren baitako hizkuntza politikaren aldeko diskurtsoak indartu dira hileotan

Euskararen normalizazioan aurrera edo atzera ote goaz? Galdera potoloa denik ez dugu ukatuko, erantzun borobila aurkitzea ere ez baita erraza. Euskararen alde hamaika ekimen, egitasmo eta diskurtso aireratzen baita etengabe, baina gure herriaren identitatearen ezaugarri nagusia den hizkuntzaren normalizaziorako aldaketak sakonak izaten ari ote diren zalantzazkoa da.

Ukaezina da Euskal Herrian euskararekiko pizturik den aldekotasuna handia dela, proiektuak sustatzeko gaitasuna eta horiek guztiek duten babes soziala. Euskal Herrian, herri ekimenaren eta herritarren borrokari esker, euskara lehen mailako hizkuntza izateko aukerak zabalik daude. Eta hori, herri honen izerdi, irmotasun eta borondate argi baten erakusgarri da, jasaten dugun zapalketa kontuan hartzen badugu. Baina hau hala izateak ezin gaitu euskararekiko atxikimendu, lan eta borroka bigarren mailako eginkizun gisa planteatzera eraman.

Agerikoa baita, euskararen etsaiek eta erdararen nagusigoa iraunarazteko egungo marko juridiko-politikoa babesten dutenek atsedenik ez dutela hartzen. Gehiago esango genuke. Euskararen kalterako diren estrategien indartze fase batean sarturik gaudela uste dugu.

Menpeko hizkuntza politika, elebitasunaren hitz magikoaz jantzia. Eztabaida politikoaren erdian, estatuek ezarria duten amaraun juridiko-legalaren baitako hizkuntza politikaren aldeko diskurtsoak indartu dira hileotan. Egungo markoaren baitako eredua indartzea behar-beharrezkoa izan zaie batzuei, orain artekoa justifikatzeko, baina bereziki etorkizuna marrazteko. Markoaren aldaketaren eztabaida gori dagoen uneotan, euskarak datozen urteetan zer estatus behar duen azaldu digute: lurralde zatiketan oinarritua, egungo legeen barnean eta estatuekiko eta erdararekiko mendekotasunean. Urteetan batik bat EAJk bultzatu duen elebitasunaren gezurraren aldeko diskurtsoaren berrindartzea ari gara ikusten eredu horri hauspoa emanez.

Adibide gisa, milaka euro xahutuz, kanpaina mediatiko garrantzitsurik izan da. Hizkuntzen arteko elkarbizitza eta errespetuaz mintzatu dira. Euskararen zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herrian euskaraz bizitzeko dugun ezintasuna gainditu ordez, erdararen menpe jarraitzea ari zaizkigu proposatzen. Elebitasun soziala gezur historikoa baita. Pertsonak elebidun edo eleaniztunak izan daitezke, baina herri batek hizkuntza batean bizi behar du. Non aurkituko dugu sozialki bi-hiru hizkuntzatan bizi den herri edo estaturik? Euskal Herria herri gisa biziko bada, euskaraz izango da eta erdaraz bizitzeko alternatiba da proposatzen zaiguna. Elebitasunaren diskurtso «demokratikoak» hiz-kuntza gatazkaren existentzia saihesten du, euskararen egoeraren larritasuna ezkutatzen du, eta okerragoa dena, behar diren neurriak ez hartzeko bidea eskaintzen du, norbere erantzukizunei uko eginez.

Esaten gabiltzanaren beste adibidea Euskararen Erakunde Publikoaren sorrera eta jarduera da. Frantses Estatuak sortu tresna honen asmoak aurten erabaki eta ezagutarazi dituzte. Frantses eskuindar eta euskararen etsai bat buru duen erakundeak, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena egin eta egun historikotzat jo dute bi aldeek, elebitasunaren aldeko diskurtsoarekin jantziz. Frantses Estatuaren euskararekiko politika maltzurra ezaguna dugu. Bat-batean euskararen alde ote dago? Ez horixe. Ofizialtasuna ukatzen du, euskara ez du legalki onartzen, euskaldunon eskubideak ez ditu aitortzen, euskara hiltzen ari da... eta egitasmo osoa borondate hutsean geratzen den ekimenen batura bat baino ez da. Ukazioan oinarrituriko asmoak diren arren, euskararen aldeko bandera besapean daramate, batzuek zein besteek. Errealista den proposamena ei da, egoeran egokitua, guztiona eta guztiontzat. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan euskarak bizi duen egoera, ordea, ez da hain arduragabe aritzeko modukoa.

Bestalde, hauteskunde garrantzitsuak igaro dira Nafarroa Garaian eta aldaketa hitz nagusi bilakatu da denen ahotan. Baina zer aldaketa ekarriko luke euskararentzat? Kanpainaren aurrekarietan, kanpainan eta hauteskundeen ostean euskarak behar lukeen aldaketa legala eta hizkuntza politika ez dakigu zenbatgarren lekuan geratu diren. Urteetan ordea, zapalketa linguistiko gordinaren aurrean, jendarteak aldaketa eskatu du eta ofizialtasun osoari, hizkuntza eskubideei eta hizkuntza politika eraginkor bat ezartzeari uko egitea iruzurra dela esango genuke. Bitartean, Baztarrika eta bere lagunek hainbat bisita egin dituzte Nafarroara Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika eredu modura aurkeztuz. Hau ere kasualitatea ote?

Honek guztiak gauza batzuk argi uzten ditu: euskara eta politika banaturik joan behar direla diotenen hitzak gezur galanta direla. Politika argi bat egiten ari baitira. Funtsean, euskara eta Euskal Herria bera itotzen duen jokalekuaren aldeko apustua egiten dute. Euskararen aldeko diskurtsoa zabaldu arren, estatu espainiar eta frantsesak ezartzen dizkiguten muga geografiko, legal eta politikoen barneko eskaintza egiten ari zaizkigu. Euskaldunok bigarren mailako herritar izatera garamatzan egoeraren aldeko politika da, euskara erdararen menpeko jarraitzea dakarrena, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ateak ixten dituena eta herri honen identitatea ahultzen duena.

Euskararen inguruko lerro eta jarduera honek euskarari kalte ikaragarria egiteaz gain, protes-ta eta aldarrikapena itzaltzea ditu helburu garrantzitsu gisa, proiektu eraikitzaileak oztopatzea duen bezalaxe. Ideologikoki eragin handia du, Euskal Herri euskaldunaren helburua desitxuratzen eta ahultzen duelako. Eta honekin guztiarekin jendarteak egoera asimilatzea bilatzen du, administrazioen borondate onaren aurrean, euskararen alde borrokatzea beharrezkoa ez dela barneratzera iristeraino.

Euskal Herri euskaldunaren ametsa eta erronka dugunok dinamika sendoa abian jarri behar dugu. Gure ametsa ezin digute lapurtu. Euskal Herria biziko bada, euskaraz izango da. Eta hau hala izan dadin, beharrezkoak diren aldaketa politiko eta sozialak bultzatzea dagokigu. Herriz herri, Euskal Herri osoan, Euskal Herrian euskaraz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo