GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrilera eraman ostean, Idoia Garmendia Ordiziara aske itzuli da; Anartz Oiartzabal, aldiz, kartzelan sartu dute

GARA |

Estatu espainolak Anartz Oiartzabal donostiarra estraditatu zuen atzo Estatu espainolera, eta Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean kartzelatu zuten. Idoia Garmendia ordiziarra, aldiz, berriro ere Euskal Herrian da, aske, baina ez edonola. Aurretiaz Polizia espainolak atxiloturik eraman baitzuen Madrilera, Polizia frantsesak Gironako Port Bouko pasadizoan horren esku utzi eta gero.

Joan den ekainaren 29an hasi zuen gose-greba amaitutzat jo zuen atzo preso politiko ordiziarrak, berriro ere Euskal Herrian baita, aske utzi eta gero. Idoia Garmendiak atzo amaitu zuen Parisek ezarritako espetxe-zigorra, eta Estatu frantsesetik kanporatu zuten. Askatasunak salatu zuenez, oraingoan, Parisek bestelako «urrats bat» egin du. «Kanporaketa hauek orain arte mugetaraino iristen baziren ere, oraingoan Polizia espainolaren eskuetan utzi dute», azaldu zuen.

Hala, goizeko lehen orduetan Ordiziatik abiatu ziren dozenaka lagunak hainbat mugatan jarri ziren arren, ez zuten Garmendia ikusteko aukerarik izan. Izan ere, Polizia frantsesak zuzenean Port Bouko pasadizora eraman, eta Polizia espainolaren esku utzi baitzuen, nahiz eta bestelako auzibiderik ez izan Madrilen.

Oiartzabal estraditatu dute

Garmendia 2003ko maiatzean atzeman zuen Polizia frantsesak, Abelardo Castillo euskal herritarrarekin batera. Orduz geroztik, espetxe frantsesetan gatibu egon da, eta atzo amaitu zuen ezarritako sei urteko espetxe zigorra.

Hala, nahiz eta bestelako auzibiderik ez izan Estatu espainolean, Polizia espainolak atxiloturik eraman zuen Madrilera. Han zela, eta bere aurkako eskaerarik indarrean ez zegoela ikusita, Garmendia aske utzi zuten poliziakideek. Preso politiko ordiziarrak berak jakinarazi zien lagunei Madrilen zegoela. Atzo, Ordiziako plazan informazio batzar bat egin zuten, 20.30ean, eta geroago, Garmendia iristean, lehendabiziko ongietorri beroa jaso zuen errepresaliatu politiko ordiziarrak.

Bestelakoa izan zen, ostera, Anartz Oiartzabal preso politiko donostiarraren egoera. Izan ere, Estatu frantsesak ezarritako espetxe zigorra bete ostean, Madrilera estraditatu baitzuten. Horiek hala, Madrilera iritsi eta auzitegi berezitik igaro ondoren espetxeratu zuten donostiarra.

Beste norabide bat hartu zuen Gregorio Vicario Setien Durangoko preso politikoak. Denbora baterako Madrilen esku izan ostean, atzo Estatu frantsesera entregatua izan zen, espetxe zigorra betetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo