GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Sariketa

Harri txikietako izarren arteko dema handia jokatzekoa dute Alegian

J.L. | DONOSTIA

Harri txikietako izarren arteko dema izango da gaur arratsaldean, Alegian, 18.30ean. Saioa Larraitz plazan izango da, eta bertan lau kirolari arituko dira. Honako hauek neurtuko dira: Izeta III.a, Izeta III.a, Irigoien eta Ostolatza.

Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola erabili beharko ditu hain zuzen ere, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutu izango ditu. Denak oso ongi moldatzen dira harri horiekin, eta saio dotorea izango den itxaropen osoa dago. Joan den urtean, Izeta II.a izan zen garaile, eta aurten ere bera aterako da faborito, baina besteak ere ahaleginduko dira hura estu eta larri hartzen. Joseba Ostolatza eta Aimar Irigoien jotzen dituzte aiarraren bi aurkari nagusitzat.

Gipuzkoakoa

Gaur Alegiara joaten diren guztiek, harri-jasotzaileez gainera, trontzalariak ere ikusiko dituzte; izan ere, bertan, Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatuko baitute. Bost bikote -hamar kirolari- arituko dira txapelaren bila, eta honako hauek izango dira: Larrañaga-Salegi, Iraola-Garmendia, Urteaga-katalina, Mujika-Ugarte eta Garmendia-Intxausti. Bikote bakoitzak kana-erdiko enbor bati zortzi epai eman beharko dizkio etzanda, eta lau, berriz, zutik izango dituzte.

Beraz, gaur arratsaldean Alegiara joan nahi duten zale guztiek badute bi saio dotore ikusko aukera, eta horietaz gozatzeko, sarrera ordaindu beharrik ez dute, sartzea debalde baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo