GARA > Idatzia > Euskal Herria

Markina-Xemeingo jaiak hasi dira Alarabiren Eguna eginda

Alarabiren Eguna eginda hasi dira festak Markina-Xemeinen. Atzoko ekintzak guztientzat izan ziren. Goizaldean, udaletxe aurrean elkartu ziren herrikideak pregoia eta txupinazoa ikusteko. Alarabiren kalejirak herriko giroa alaitu zuen, eta Markina-Xemeingo Trikiti Eskolak eta Musika Eskolak jarri zioten musika goizari. Erraldoiak, buruhandiak eta txistulariak ez ziren falta izan, eta eguna ondo amaitzeko, hiru kontzertu izan ziren.

p016_f02_097x184.jpg

Ianire RENOBALES |

Alarabiren Eguna egin zuten atzo, Markina-Xemeinen. Egun berezia izan zen Bizkaiko herri horretako biztanleentzat; izan ere, herriko festei hasiera eman zieten. Arratsaldean, 18.30ean, jaia abiatu zuten udaletxe aurrean; eta askorentzat bost egunez ez da atseden unerik izango.

Ostiraletik asteartera bitartean iraungo dute jaiek. Aurtengoek berezitasun bat dute: egun bat gehiago iraungo dute. Karmen eguna astelehena da eta asteartean amaitzea erabaki dute antolatzaileek.

Bizkaiko festa horiek bi puntu goren izango dituzte. Alde batetik, gaurko herri-bazkaria dago; 2.400 pertsonak eman dute izena, eta urtetik urtera jende gehiago apuntatu ohi da. Beste alde batetik, herri-kirolak, su-festak eta Mexikotik etorriko diren mariatxien emanaldia egongo da.

Euskal Herriko kirolei dagokienez, harri-jasotzaileen lehiaketan Perurena aita- semeak ibiliko dira. Bestalde, aizkolariak, zestako pilota partidak eta Ipar Euskal Herriko jokoak egingo dituzte.

Markina-Xermeingo jaien ibilbidea luzea da. 1691n, Karmengo fundazioarekin, karmeldarrak euren zaindariaren eguna ospatzen hasi ziren. Debozioa handituz joan zenez, 1777an Karmengo Kofradia sortu zuten. 1871n indar handiagoa hartu zuen.

Uztailaren 8an, Jose Aretxabaletak egun hauek musika eta guzti ospatzea proposatu zion Udalari. Hori onartu, eta urte hartako jaiak instrumentuen doinuekin alaitu zituzten.

Ekintzaz beteriko eguna

Arratsaldeko sei eta erdietan Goiko Portalean (udaletxe aurrean) elkartu ziren herrikideak festa hasteko. Ostean, pregoia jo zuen Izarbidean taldeak.

Ofizialki jaiei hasiera emateko, txupinazoa jaurti zuten. Festa egiten jarraitzeko, Alarabik kalejira egin zuen herrian, Markina-Xemeingo Trikiti Eskolak eta Markina-Xemeingo Musika Eskolak alaiturik. Bestalde, erraldoiak, buruhandiak eta txistulariak ez ziren falta izan umeen gozagarri.

Bederatzi eta erdietan, danborrada egin zuten, eta hamaiketan, rock kontzertua eman zuten zelaian. Talde gonbidatuak Txato Plato, Zea Mays eta Gatillazo izan ziren. Gazteei zuzendutako gaua izan zen.

HERRI BAZKARIA

Aurtengo jaiek bi memento goren izango dituzte: alde batetik, herri-bazkaria egingo dute gaur; eta bestetik, herri-kirolak, su-festak eta Mexiko Lindo Mexikotik etorritako mariatxiak izango dira.

Izarbidean taldea izan da aurtengo festetako pregoilaria

Izarbidean Markina-Xemeingo talde bat da. Bere lokala Abesua kalean dago, eta Udalarena da. 60 metro koadro inguru ditu eta bi esparrutan banatzen da: bata, lan egiteko; eta bestea, atseden hartzeko.

Lea-Artibai inguruan adimen minusbaliotasuna duten pertsonei zuzenduta dago taldea. Asteburuetan aisialdirako ekintzak antolatzen dituzte bertan.

Helburua da pertsona horiek gizarteratzea, integratzea, eta ahal den neurrian, herriko ekintzetan parte hartzea.

Aurten, pregoia irakurtzea egokitu zaie. Urtez urte aldatu egiten da pregoilaria, eta elkarte horrek atzo izan zuen aukera hori lehendabiziko aldiz. Taldeko zuzendariak egin zuen irakurketa, baina harekin batera, Izarbidean osatzen duten neska-mutil batzuek ere hitz batzuk esan zituzten.

Pregoiak, ohikoa denez, ez zuen asko iraun (gehienez bost minutu irauten du); laburra, baina txalo zaparrada jasotzeko modukoa. I.R.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo