GARA > Idatzia > Kultura

Mundu osoko hainbat haurren dantza taldek parte hartuko dute Ezpeletan, Gauargi jaialdian

Ostegunean hasi, eta asteartera bitarte, Ezpeleta eta Kanbo artean munduko haurren dantza taldeen Gauargi jaialdia izango da. Gaur talde guztiek «Bidaia munduan gaindi» ikuskizuna aurkeztuko dute Ezpeletan.

p044_f01_148x104.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Ezpeleta eta Kanbo bitartean, hamabigarren urtez antolatuko dute Gauargi jaialdia. Bertan Euskal Herriko eta, oro har, mundu zabaleko haurren dantza taldeak batzen dira hainbat ikuskizun emateko. Aurtengo edizioan ere, jaialdiaren antolatzaileek munduko haur taldeen erakusleiho zabala izatea lortu dute.

Izan ere, Asia eta Europa ekialdetik etorritako dantzariak izanen dira Ezpeletan eta Kanbon. Esaterako, Eslovakiako Chemlonacik, Poloniako Przygoda edo Bulgariako Balkanika haur taldeak jaialdian izanen dira aurten. Asia aldetik, aldiz, Armeniako Ararvot Hayastan edo Bachkiristaneko Veselinkako ume taldeak etorriko dira haien dantza emanaldiak egitera. Atzerriko taldeekin dantzan aritzeko, baina, ez da Euskal Herriko dantzaririk faltako. Lapurdiko Ezpela eta Bithindarrak taldeekin batera, Ibarra herriko Alur Dantza Taldeko gipuzkoarrek ere emanaldia egingo baitute.

Dantza talde horiek guztiak ez dira bakarlanean arituko Gauargi jaialdi garaian. Izan ere, jaialdiaren oinarrietariko bat, haur guztiek harremanak sortzea da. Ondorioz, arratsaldero, Ezpeletan, dantza talde guztiek batera prestatutako ikuskizunak egingo dituzte. Hala, gaur Ezpeletan izanen da «Bidaia munduan gaindi» ikuskizuna, 21.00etan. Igandean, berriz, 18.30ean frontoian izanen da hitzordua beste erakustaldi bateratu batentzat. Astelehenean, «Zirimola» ikuskizuna emango dute haurrek, 21.00etan. Azkenik, jaialdia bururatzeko haur guztiek «Azken Izarrak» dantzaldian parte hartuko dute.

Arratsaldetako jaialdi hauen osagarri gisara, egunero Ezpeleta edo Kanboko karriketan dantza desfileak ere egingo ditu talde bakoitzak. Alde horretatik, taldeak gehienbat bakarka edo binaka aterako dira bi herrietako karriketara, dantza desfile horien emateko.

Gero eta arrakasta handiagoa

Gauargi jaialdiak 12. edizioa du aurtengoa, eta antolatzeko lan handia eskatzen dio horretan dabiltzan 100 bat laguntzaileri. Haur guztiei ostatatu beharra ez da lan txikia, baina inguruko herrietako 50 familiari esker betetzen dute urtero ardura hori. 10 urtez 2000 izan dira Ezpeletara etorritako haur dantzariak, eta orain arte den-denek izan dute bertako familietan lo egiteko aukera.

Buruhausteak eta ardurak biderkatzeak, baina, balio izan du Gauargiren kasuan. Izan ere, urtetik urtera jaialdiak arrakasta gero eta handiagoa dauka. 1996an aurrenez antolatzean 1200 ikusle izan ziren ikustaldien ikustera. 2005ean 3800 izan ziren, eta iaz, berriz, 4890. Beraz, jaialdia, denbora joan ahala hazten doa.

Aipatu Arrakasta ikusirik, aurtengoan berrikuntzak proposatzea erabaki du talde antolatzaileak. Jaialdiaren bihotza Ezpeleta baldin bada ere, aurten ikuskizunak beste herritara zabaltzea erabaki dute jaialdia prestatu dutenek. Hala, atzo Hazparneko Mendeala gelan, Armeniako Aravot Hayastan taldearen emankizuna egon zen ikusgai. Astelehenean aukera gehiago izanen da Ezpeletatik kanpo haurren dantza taldeekin gozatzeko. Kanboko AIEC gelan Poloniako Przygoda taldeak ikuskizuna emango du 16.00tan. 21.00etan, aldiz, Donibane Garaziko Jai Alain Bachkiristango Veselinka taldeko haurrak arituko dira.

Fitxa

Lekua: »Bidaia munduan Gaindi»: Ezpeletako Udalaren atzeko karpan.

Orena: Gaur 21.00etan.

Antolatzailea: Gauargi elkartea.

Salneurria:

16 euro helduentzat, 9 euro haurrentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo