GARA > Idatzia > Kultura

Gernikaren balio sinbolikoa islatzen duen erakusketa, Bilbon

1937ko apirilaren 26ko Gernikaren kontrako bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratzeko helburuarekin, «Gernika, hazia, mundu osorako argia» erakusketa aurkeztu du Bilboko Euskal Museoak. Garai horretan gertatu zena hobeto ezagutzeko tresnak emateaz gain, Picassoren «Guernica» artelanaren kalitatezko erreprodukzio bat dago erakusgai.

p049_f01_250x164.jpg

Arrate ETXEBARRIA | BILBO

Bilboko Euskal Museoak, Baionako Euskal Museoaren lankidetzarekin, «Gernika, hazia, mundu osorako argia» erakusketa aurkeztu du, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena oroitzeko asmoz. Aspaldiko garaietara eramaten gaituen erakusketa, uztailaren 13tik irailaren 30 arte egongo da ikusgai Bilboko Unamuno plazako Euskal Museoan.

Eduki guztien artean, nabarmentzekoa da Picassoren «Guernica» koadroan oinarritutako tapiza. Tamaina berekoa da eta halako hiru erreprodukzio besterik ez dago munduan, egun hauetan Bilbon dagoena, Estatu frantziarretik ekarri dute.

Hiru ardatz

Erakusketak hiru ildo desberdin jorratzen ditu. Hala, erakustaretoan zehar egiten den ibilbideak, Gernikak euskaldunentzat duen eta izan duen esanahian murgilduko du bisitaria. Antolatzaileen esanetan, «denbora tarte laburrean inpaktua sorrarazi nahi du ekimen honek, gure identitatearen partea da, euskaldunok bihurtu garenaren partea baita Gernika».

Lehenengo zatian, Gernika Euskal Herriaren nortasunaren eta askatasunaren ikur gisa erakusten dute. Bertan, ikusgai dira Gernikako arbolaren inguruko sekuentzia kronologikoa, Euskal Herriko foruen dokumentuak, zehazki, Bizkaiko Foruaren 1528ko lehendabiziko edizioa eta Jose Maria Iparragirreren gitarra, besteak beste.

36ko Gerraren pasarteak ezagutu ahal izango ditugu erakusketaren bigarren atalean, baita garai horretan Euskal Herrian zegoen giroa eta hartu ziren erabakiak ere. Halaber, altxamendu faxistaren nondik-norakoak ilustratzen dira bertan, garaiko kartelen eta prentsaren bitartez. Baina Gernikako bonbardaketaren ingurukoak dira espazio horren izar nagusiak, izan ere, bideo bat ikus daiteke Francok, Hitleren laguntzarekin, Bizkaiko herrian egindako sarraskia erakusten duena. Horrekin batera, ezagutu ahal dira, eraso larri hark sortu zituen erreakzioak, bolada horretan argitaratu ziren bertako zein kanpoko egunkarien bidez.

Atal horretan, Arana Goirik diseinatutako ikurrinaren zirriborroa ere badago.

Erakusketaren ibilbidea amaitzeko, «Guernica, ikur unibertsal baten sorrera» gunea ageri da. Picassok margoturiko «Guernica» famatua irudikatzen da, tamaina bereko tapiz batean. Horrelako hiru tapiz egitea baimendu zuen margolari andaluziarrak. Hirurak Baume-Dürrbach bikoteak egin zituen 1955, 1976 eta 1985 urteetan. Zuzenean kopiatu zituzten «Guernica» margolanetik. Gaur egun, horietako bat NBEko Segurtasun Kontseiluko sarrera gelan dago. Bigarrena, Japoniako Arte Modernoko Gunma Museoan eta hirugarrena, Bilbon dagoena alegia, Frantziako Unterlinden Museoak utzi dio Euskal Museoari erakusketa egin ahal izateko.

Tapiz ikusgarri horretaz aparte, Picassoren beraren argazkiak daude, gudaren laztura irudikatzen duen koadroa margozten ari zen bitartean, bere emazte Dora Maarek ateratakoak.

Era berean, Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren artelan batzuk daude, euskal arte garaikideko artista erreferenteak.

Guztira, 162 objektu daude ikusgai Unamuno plazako museoan. Hainbat euskarri erabili dira: bideoak, antzinako egunkariak, afixak, dokumentu ofizialak, argazkiak, artelanak eta beste zenbait objektu.

Erakusketan zehar ibilaldia eginez gero, 1937ko apirilaren 26an Gernikak eta Euskal Herriak pairatu zuten sarraskiaren ondorioak hobeto ezagutu ahal izango ditu bisitariak.

UDAN IKUSGAI

«Gernika, hazia, mundu osorako argia», Bilboko Euskal Museoak uda honetarako egin duen apostua da. Irailaren 30ean amaituko da erakustaldi hori ikusteko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo