GARA > Idatzia > Txirrindularitza

KANPOTIK

Iraun eta iraun

Gaizka LASA (Karpin-Galicia)

Gogorra izan zen atzokoa. Ibilbide menditsua zuten, eta horrelakoetan pelotoia sakabanatzen ikusten dugu, eta faboritoen artean diferentziak izateko egun aproposak dira. Baina Pirinioetako lehen etaparen gogortasuna ez zuten aldapek edo erritmoak bakarrik jarri. Etxeko sofan gaudela ahaztu egiten bazaigu ere, kontuan hartu behar da bi aste igaro direla Tourra hasi zenetik. Pentsa ze urruti geratzen den orain Londres. Bada, are eta urrutiago hain zigortuak dauden txirrindularien gorputzentzat. Nekea egunez egun pilatzen joaten da, eta oso desberdina da atzoko etapa egun bateko klasika moduan egitea, edo bi asteko norgehiagokaren ostean lehiatzea. Tourra erresistentzia proba da, eta atzo ikusi genuen hori argi eta garbi. Sagarrak helduak daudenean zuhaitzetik erortzen diren moduan geratzen ziren atzo txirrindulariak aldapan gora. Eta arbola gehiegi mugitu gabe ere erori eta erori aritu ziren. Txispa handirik ez zen geratzen tropelaren atzealdean gelditzen zirenen barruan, motoak eskaintzen dizkigun eta hain politak diren irudi horietan ikusi genuenez.

Gehien irauten dutenak irabazten dute Tourra, pila ezagun baten markak dioen bezala: iraun eta iraun. Eta pixkanaka ikusten dugu nork dituen pilarik onenak. Azken selekzio horretan geratzen diren horiek, irautera ez ezik, erasora ere jotzen dute, baina hori oso jende gutxiren esku dago Tourreko hirugarren astean. Alpeetan ikusi genuen eraso festa hura ez da berriz errepikatuko hurrengo egunetan, pilak bukatzen ari baitzaizkie gehienei. Orain, orduko askok nahiko lan dute etapa gogor hauetan ahalik eta berandu arte irauten, multzo nagusitik at geratu gabe. Hori baitu hiru asteko lasterketak. Eta, horregatik, atzo bi eskalatzaile aparta horiek eskaini ziguten ikuskizunak meritu berezia du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo